Politika -
Auzitegi Nazionalean
Azken inputatuak ez du deklaratu Barcinari egindako erasoaren auzian
Mikel Alvarez Mugitu! AHTren kontrako mugimenduko bozeramailea Auzitegi Nazionalean izan da, Barcinari jaurtitako tarten harira deklaratzeko. Epaileak ez dio kautelazko neurririk ezarri.
Erredakzioa
Mikel Alvarez Mugitu! Abiadura Handiko Trenaren aurkako mugimenduko bozeramailea Auzitegi Nazionalean izan da Yolanda Barcinak joan den urriaren 27an jasandako erasoaren harira Santiago Pedraz epailearen aurrean inputatu gisa deklaratzeko. Alvarezek, ordea, uko egin dio Blanca Rodriguez fiskalaren galderei erantzuteari.
Barcinaren kontrako erasoarekin zerikusia duelakoan inputatuta dagoen laugarren pertsona da Mikel Alvarez. Hain zuzen, Barcinari Tolosan (Frantzia) egin zen ekitaldi batean tartak jaurti zizkiotenean, areto nagusian zegoen Alvarez, Julio Martin Villanueva, Gorka Ovejero eta Ibon Garcia beste hiru inputatuekin eta Foruzaingoak oraindik identifikatu ez dituen beste lau pertsonarekin batera.
Pedraz epaileak ez du Alvarezen kontra kautelazko neurririk ezarri.
Lau kideei agintaritzaren aurkako atentatu delitua egotzi diete, ustez erasoarekin zerikusia dutelako, eta lau eta bederatzi urte arteko kartzela-zigorra eskatu dute.
Beste hiru inputatuek (Julio Martin Villanueva, Gorka Ovejero Gamboa eta Ibon Garcia Garrido) azaroan deklaratu zuten Pedraz epailearen aurrean. Fiskaltzak eskatuta, herrialdetik ateratzeko debekua eta pasaportea emateko agindua ezarri zieten.
Gertakaria urriaren 27an jazo zen Frantziako Tolosan, Pirinioetako erkidegoen bilera batean. Fiskaltzaren arabera, Ovejero Nafarroako presidentearengana hurbildu zen eta karpeta baten atzean ezkutatuta zeraman tarta bat jaurti zion burura.
"Ondoren, Martin Villanueva eta Ibon Garcia gerturatu zitzaizkion, eta beste bi tarta jaurti zizkioten", horren esanetan.