Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Erkoreka: 'Grande-Marlaska ez da epailerik inpartzialena'
EAJko diputatuak kritikatu egin du Auzitegi Nazionalak Zigor Arloko presidente izendatu izana.
Erredakzioa
Josu Erkoreka EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak kritikatu egin du Auzitegi Nazionalak Fernando Grande-Marlaska hautatu izana Zigor Arloko presidente, bere iritziz ez baita epaile "inpartzialena eta objektiboena".
"Epaile batek legea objektibotasunez eta aurreiritzi pertsonalak oinarri hartu gabe ezarri behar du legea", gogorarazi du, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan.
Erkorekak nabarmendu du Grande-Marlaskak ETArekin lotutako auzi asko izango dituela eskuartean eta, beraz, bakegintzaren garapena "baldintzatu" egingo duela.
Diputatu jeltzaleak gogorarazi duenez, Auzitegi Nazionalak Grande-Marlaska hautatu baino egun bat lehenago, Auzitegiaren beraren epai batek zalantzan jarri zuen epaileak Iraitz Gesalaga ETAko ustezko informatikariburuaren aurkako ikerketan egindakoa, besteak beste "legez kanpoko entzuketak" egin baitzituen.
"Beste batzuk gaitasungabetu egin dituzte hori egiteagatik, eta hori bada ezarriko duen estiloa, Auzitegi Nazionala oso beligerantea izango da", iritzi dio.
Sekretu Ofizialen Batzordeko polemika
Erkorekak atzo Kongresuko Sekretu Ofizialen Batzordearen harira piztutako polemika ere hartu du hizpide.
Hain zuzen ere, PPk ukatu egin zion ERCri aipatu batzordean ordezkaritza izatea, Amaiurren "lagunak" direla argudiatuta.
Hori horrela, erabaki "sektarioa eta baztertzailea" dela eta Talde Mistoko alderdien boto-emaileentzat "desairea" dela kritikatu du.