Politika -

Ekitaldi instituzionala

ETAren desagerpenaren hamargarren urteurrena urriaren 20an ospatuko du Eusko Jaurlaritzak

Ekitaldi instituzional nagusia urriaren 20an izango da Gogora Institutuaren egoitzan, Bilbon, 'Biktimen memoria, bizikidetza eraikiz' izenburupean.

Aieteko jauregia, ETAk jarduera armatua uzteko erabakiaren bezperan. Irudia: EiTB Media
Aieteko jauregia, ETAk jarduera armatua uzteko erabakiaren bezperan. Irudia: EiTB Media
Aieteko jauregia, ETAk jarduera armatua uzteko erabakiaren bezperan. Irudia: EiTB Media

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak ETAren desagerpenaren hamargarren urteurrena urriaren 20an ospatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan, bizikidetza eta biktimen oroimena ardatz dituela.

Gogora Institutuak eta Jaurlaritzako Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasunerako Zuzendaritzak antolatu dituzte ekitaldiak.

Ekitaldi instituzional nagusia urriaren 20an izango da Gogora Institutuaren egoitzan, Bilbon, 'Biktimen memoria, bizikidetza eraikiz' izenburupean.

Goizean, 'Gazteria, bizikidetza, etorkizuna' jardunaldiak hartuko ditu Bilboko Azkuna Zentroak. Adi-Adian moduluan parte hartu duten EHUko 100 bat ikasle bertan bilduko dira. Aldez aurretik, terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak entzun dituzte.

Aurreko egunetan, Euskadiko beste bi hiriburuek, Gasteizek eta Donostiak, bi konferentzia hartuko dituzte, '10 urte ETArik gabe. Elkarbizitza eraikiz' izenburupean. Azken urteetan emandako aurrerapausoak eta bizikidetza sendotzeko erronkak aztertuko dituzte.

Solasaldietan, besteak beste, Maria Jauregi, Marta Buesa, Josu Elespe eta Edurne Albizu ETAko biktimen senideek; Carmen Gisasola eta Joseba Urrusolo ETAko kide ohiek; Iciar Bollain 'Maixabel' filmeko zuzendariak; Aitor Gabilondo 'Patria' telesaileko zuzendariak; Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohiak; Mikel Basabe Aralarreko parlamentari ohiak, eta Joseba Ezeolaza eta Pello Salaburu 'Memoria Digna-Gogoan'eko kideek hartuko dute hitza.

Dani Alvarez kazetariak aurkeztuko ditu solasaldiak, eta hitza emango die.

Urriaren 18an lehen mahai-ingurua hartuko du Goiuriko jauregiak, Gasteizen, 18:30ean, eta hurrengo egunean, ordu berean, Donostiako udalbatza aretoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa ETA Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin Terrorismoaren Biktimak