Politika -
Erreakzioak
Ezker abertzalearen adierazpena 'eskasegia' dela dio PSEk
"Distrazio maniobra" bat dela uste PSEk eta biktimen onarpenean atsekabea azaltzea "pauso txikiegia" dela esan du.
Txarli Prieto Arabako PSEko idazkari nagusiaren ustez, ezker abertzalearen adierazpena "urrats txikiegia" da, eta "aintzinako lengoaia" erabilita "duela 30 urte gaindituta dagoen egoerara itzultzen saiatu dira, indarkeria eta biktimak maila berean jarrita". "Ustez lengoaia adiskidetzailea dena erabiltzen dute ETAren izuek eta indarkeriaren ondorioek eragindako egoeraren irudia desitxuratu eta eztaltzeko", azaldu du Prietok.
PSEren Gasteizko egoitzan emandako prentsaurrekoan, Prieto ezker abertzaleak Kursaalen, Donostian, aurkeztutako 'Eraiki dezagun bakea prozesu demokratikoan' dokumentuaren inguruan aritu da.
Prietoren arabera, "abertzale erradikalen" adierazpena "distrakziorako ekintza" baino ez da, "erretorika gehiegi" erabilita egindakoa eta "ETAri desagertzeko, armak entregatzeko eta eragindako mina onartzeko esateko orduan zehaztasun eta argitasun gutxikoa erabiltzen duena". "Ez dira gizarteak espero bezain argiak izan", gaineratu du.
Era berean, biktimei barkamena eskatu barik eta Euskadiko gatazkaz hitz egiten jarraitzea deitoratu du, "egon den gauza bakarra ETAren izua izan denean". Gainera, "biktimak eta kateak maila berean" jarri izana ere baztertu du. "Biktima batek ere ez dio ETAri minik egin, ETA izan da biktimei mina eman dien bakarra" defendatu du.