Politika -

berritzea

Espainiako Gobernuak eta PPk akordioa itxi dute organo konstituzionalen inguruan, BJKN kanpoan utzita

Akordioari esker, berritu egingo dira Auzitegi Konstituzionala, Kontuen Auzitegia, Herriaren Defendatzailea eta Datuak Babesteko Espainiako Bulegoa. Litekeena da aldaketa urriaren 25eko astean gauzatzea.

Sanchez eta Casadoren arteko agurra, Carlos V Europako Sariaren XIV. edizioan. Argazkia: EFE
Sanchez eta Casadoren arteko agurra, Carlos V Europako Sariaren XIV. edizioan. Argazkia: EFE
Sanchez eta Casadoren arteko agurra, Carlos V Europako Sariaren XIV. edizioan. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernua eta Alderdi Popularra ados jarri dira, datozen asteetan zehar zenbait organo konstituzional berritzeko. Berrikuntzak barne hartuko ditu Auzitegi Konstituzionala, Kontuen Auzitegia, Herriaren Defendatzailea eta Datuak Babesteko Espainiako Bulegoa. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (BJKN), ordea, akordiotik kanpo gelditu da, oraingoz.

Gobernutik jakinarazi dutenez, organo horiek urriaren 25eko astean berrituko dira, bai Diputatuen Kongresuan, bai Senatuan izango den osoko bilkura batean.

Hala adostu dute gaur Felix Bolaños Presidentetzako, Gorteekiko Harremanetako eta Memoria Demokratikoko ministroak eta Teodoro Garcia Egea PPko idazkari nagusiak.

Aro berriko organoak osatuko dituzten pertsonak "sona handikoak" izango dira; alde biak bat etorri dira horretan. Datozen egunetan ezagutaraziko dituzte.

Jarrera aldatu dute PSOEk eta PPk

Asteazken honetan Pedro Sanchez espainiar Gobernuko presidenteak eta Pablo Casado PPko liderrak organo konstituzionalak berritzearen inguruko jarrera lasaitu ostean gauzatu da akordioa.

Gobernuaren kontrol saioan, Casadok Sanchezi proposatu zion falta ziren organo guztiak berehala berritzea, BJKN izan ezik, eta Gobernuak baiezkoa eman zuen.

Auzitegi Konstituzionalaren kasuan, duela ia bi urte amaitu zen hamabi magistratuen agintaldia. Herriaren Defendatzaileak denbora gehiago darama berritu gabe, eta Francisco Fernandez Marugan du jarduneko buru, 2017ko uztailetik.

Hala ere, Gobernutik argi utzi dute, akordioa gora-behera, ez diotela uko egingo Botere Judizialen Kontseilu Nagusia berritzeari, eta ahalegintzen jarraituko dutela, PPrekin batera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Alderdi Sozialista Alderdi Popularra Espainiako Gobernua argazkiak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Auzitegi Konstituzionala Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia