Politika -
Herri ekimena
Nafarroa XXI aurkeztu dute "etorkizun politikoaz" eztabaidatzeko, "autogobernu galera"ren aurrean
Foru Hobekuntzaren kontakizun bateratua egiteko eta erkidegoaren etorkizunaz eta orainaz eztabaidatzeko.
agentziak | eitb media
"Navarra XXI Nafarroa" herri ekimena aurkeztu dute gaur, "gure orainaldi eta etorkizun politikoaz lehenbailehen eztabaida bat irekitzeko", izan ere, kezkatuta agertu dira erkidegoak izan duen "autogobernu galera" dela eta.
Iruñeko Nafarroa Jauregiaren parean izan da aurkezpena, "bertan negoziatu baitzen duela 40 urte Foruaren Hobekuntza, eta bertan egin baitzen protesta negoziazio mota horren eta negoziatutakoaren aurka", adierazi dute plataformaren bozeramaileek.
Foruaren Amejoramenduak 40 urte bete dituen honetan, azpimarratu dute "Nafarroaren autogobernuan izandako galerak kezkatuta" daudela, "geroz eta botere politiko gehiago galtzen delako Gobernu zentralaren, Bruselaren, Merkatuen eta multinazionalen aurrean. Horrek esan nahi du Nafarroako herritar guztiak ari garela galtzen gure burua gobernatzeko gaitasuna".
Gogorarazi dutenez, Nafarroa "izan zen estatutua/hobekuntza erreferendum bidez onartu ez zuen Estatuko erkidego bakarra, eta gaur gaurkoz, egiaztatu ahal dugu nafarren hiru laurdenek ez zuela parte hartu eta ez zuela bozkatu arau horren onarpena", eta hori "konpondu beharreko defizit demokratikoa" da.
Arrazoi horiek medio, azpimarratu dute "Nafarroa demokratikoagoa, eta eskubide eta askatasun gehiago dituena lortzeko pausoak" eman behar direla.
Ekimenaren sustatzaileentzat, eztabaida mota hori "beldurrik gabe, aurrez mugarik jarri gabe" egin behar da, "proiektu guztiak direlako, hasiera batean, zilegi eta onargarriak. Guztiak, bat izan ezik: gure herriari demokratikoki erabakitzeko gaitasuna kentzen diona".
"Beraz, bada garaia guztion artean Foruaren Hobekuntzaren onarpenari buruzko kontakizun bateratua egiteko, eta lau haizetara oihukatzeko Nafarroak orainari eta etorkizun politikoari buruzko eztabaida behar duela", goraipatu dute.
Ekimenaren ordezkariek iragarri dute azarotik urtarrilera 21 udalerritan osatuko dituztela lantaldeak "dinamika saretzeko eta handitzeko, eta kontakizunerako ekarpenak jasotzeko".
Era berean, 100dik gora eragilek sinatutako adierazpen bat irakurri dute, atxikipen gehiago biltzeko asmoa duena, eta parte hartzeko kanalak ireki dituzte sare sozialetan.