Politika -
Kritikei erantzun die
Igandeko agiria 'lanerako ildoa' dela adierazi du ezker abertzaleak
Ezker abertzaleko kideek azpimarratu dute igandean aurkeztu zuten adierazpena ez dela biktimekiko "itxurakeria".
Erredakzioa
Hasier Arraiz ezker abertzalearen bozeramaileak esan du igandean aurkeztu zuten autokritika agiria, "Konponbide haizea dabil", haien "lanerako ildoa" izango dela datozen urteetan, eta baztertu egin dute ETAren biktimekiko "itxurakeria" soila izan zela.
Arraizek eta Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kideak prentsaurrekoa eman dute Donostian agiriaren aurkezpenak sortu duen erreakzio sokaren inguruko iritzia azaltzeko.
Autokritika ariketa "lan ildo oso batean" islatuko dela azaldu dute, "Euskal Herrian borroka armatuaren ondorioz hamarkada luzez izandako sufrimendua" aitortu nahi baitute.
Arraizek, gainera, argi adierazi nahi izan du ezker abertzaleak ez duela egingo "keinu artifizialik, itxurakeriarik" biktimekiko.
Ugarteburuk, bere aldetik, biktimen gaia "elementu positibo" gisa aztertzeko deia egin du, "irtenbideen bidean" jartzeko, urteetan biktimen "gehiegizko erabilera" egin baita.
Horren harira, ezker abertzaleak igandean "azken hamarkadetako gatazkaren arduraren parte baten errua bere gain" hartu zuela zehaztu du, eta gainerako eragileei gauza bera egitea eskatu die.
Ugarteburuk gaineratu du "aurrerapausoa" izango litzatekeela orain Espainiako Estatuak Euskal Herrian "berriro armak ez dituela erabiliko iragartzea".
PP eta PSOE
Ezker abertzalearen arabera, PP eta PSOE izan dira adierazpena gehien kritikatu dutenak, eta haiek dira "proiektu politikoa indarrez inposatu" nahi dutenak, izan ere, "eskubideen urraketa erabiltzen dute argudio politiko gisa".
Egiaren Batzordea
Bestalde, kritikatu egin du egiaren batzordea osatzeko proposamena errefusatu izana, eta "egia ezagutzearen beldur" ote diren galdetu du.