Itxi

2021/10/20

07:59

Politika

XXVI. EITB FOCUS

Gizartea ez dago bake prozesuarekin kezkatuta, hainbat kontu egiteko daudela uste duen arren

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

EITB Focusek egindako inkestaren arabera, 10 herritarretik 7tik gainditutzat dute garai hura. Halaber, ETAren amaiera lehenago iritsi behar zela eta betiko izan dela uste du gehiengo zabal batek.

1:22
EITB Focus. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

10 urte dira ETAk bere amaiera iragarri zuela. Hamarkada bete berritan, euskal jendartearen zati handi batek esan du "garai hura gainditutzat" duela eta bake prozesua eta bizikidetza ez daudela bere kezken artean. Horixe da, hain justu, urtemuga horren harira XXVI. EITB Focus inkestaren emaitza nagusiena.

Gaur egun dituzten kezka nagusiak zeintzuk diren galdetu zaie herritarrei, eta gizartearen heren batek ekonomia-enplegua (% 33,5) edota osasuna (% 27) aipatu ditu. Gainerako gaiek ez dute % 5aren langa gainditu, eta itaundutakoen % 2,2k bakarrik egin diote aipua bake prozesuari.

Hala, 10 herritarretik 7k diote pertsonalki "garai hura gainditu" dutela; 5etik 1ek aitortu duenez, ordea, egiteke du prozesu hori. Bestalde, gizarteak ETAren garaia itxi duen ala "hainbat kontu egiteko" dituen galdetuta, bigarrenaren alde egin dute gehienek. % 20ren ustez, berriz, amaitutzat eman daiteke garai hura.

EITB FOCUS

Herritarren % 73ren esanetan, gainditu dute garai hura. Grafikoa: EITB Media

Egiteko daudenen artean, bost lagunetatik batek presoak hurbildu behar direla dio (EAEko herritarren % 20,4ren ustea da hori, eta Nafarroako biztanleen % 16rena). Era berean, itaundutakoen % 15,4k uste dute ETAk eta ezker abertzaleak damua eta aitortza dutela egiteke. Gizartearen batasuna aipatu du jendartearen % 14k, eta % 9k biktimen gaiari heldu dio.

EITB FOCUS. Zer geratzen da egiteko?

Egiteke dauden hainbat kontu badaudela uste du gizarteak. Grafikoa: EITB Media

Biktimak hizpide, eta zegokien egia, justizia eta erreparazioa izan duten galdetuta, jendartearen ia % 60k ezetz erantzun du. Handiagoa da, bestalde, ETAk egindako mina justua izan ez zela aitortu beharko zukeela usten dutenen portzentajea (ia % 74k iritzi diote horrela).

EITB FOCUS

Gizartearen gehiengoarentzat, erreparazioa falta da. Grafikoa: EITB Media

EITB FOCUS

Gehiengo zabal baten iritzian, ETAk aitortu behar du egindako mina ez zela justua izan. Grafikoa: EITB Media

Horrez gain, EAEko eta Nafarroako herritarren hiru laurdena ETAko presoak gerturatzearen alde dago.

EITB FOCUS

Herritarren gehiengo zabal batek presoak hurbiltzea babesten du. Grafikoa: EITB Media

Amaiera berandu baina betiko

Halaber, jendartearen erdiak baino gehiagok uste du ETAk lehenago utzi behar zituela armak, eta "ziur" dago ez dela tankerako mugimendurik egongo etorkizunean. Aipagarria da gazteria (18-30 urtekoak) dela duda-muda gehiago agertu dituela azken kontu horren harira.

EITB FOCUS

Armak lehenago utzi behar zituen ETA, gehiengo baten ustez. Grafikoa: EITB Media

EITB FOCUS

% 65 baten aburuz, ez da ETA bezalako mugimendurik izango. Grafikoa: EITB Media

ETAk gizarteari ekarpen positiborik egin dion galdetuta, 0tik 10erako tartean 2,70eko nota eman diote itaundutakoek. Heren baten ustez, ez zuen ezer onik ekarri (10etik 0 bat jarri diote).
EITB FOCUS

Grafikoa: EITB Media

Azkenik, ETAren amaiera ahotan, jendartearen erdiak esan du "asko" aldatu duela herritarren bizitza, batez ere turismoa bultzatzeko edota EAEk kanpoan duen irudia hobetzeko.

EITB FOCUS

Grafikoa: EITB Media

Datu teknikoak

Gizakerrek EITB MEDIAko albistegietarako egindako inkesta EAEn eta Nafarroan bizi diren 1.600 pertsonari egin zitzaien (400 Araban, 400 Bizkaian, 400 Gipuzkoan eta 400 Nafarroan).

La= ±% 2,45, konfiantza-maila % 95, p=q=0´5, datu orokorretarako, eta ±4,90%, lurralde bakoitzerako.

Landa-lana 2021eko irailaren 28tik urriaren 4ra egin zuten, elkarrizketak telefonoz eginez.

Galdeketen% 25,1 euskaraz egin zituzten, eta gainerako % 74,9, gazteleraz.

Inkesta hori egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;