Politika -
Erabakitzeko eskubidea
Herrien autodeterminazio demokratikorako mekanismo bati buruzko eztabaida abiatu dute Europar Batasunean
Gatazka independentistak konpontzeko eta prozesu horiek legalki bideratzeko "tresna instituzional" bat aurkeztu dute ERC, EAJ, Junts, EH Bildu eta Sinn Feineko eurodiputatuek, besteak beste.
Agentziak | EiTB Media
ERC, Junts, EAJ eta EH Bilduko eurodiputatuek, Europako beste indar independentista batzuekin batera, ekimena aurkeztu dute EBn, zehaztasun lege bat aztertzeko, Kanadako legedia eredu hartuta. Quebec eskualdearen bi independentzia erreferendum ahalbidetu ditu araudi horrek.
Europar Batasunaren baitan gatazka independentistak konpontzeko eta prozesu horiek legalki bideratzeko "tresna instituzionala" aurkeztu dute François Alfonsi Korsikako eurodiputatuak eta Chris McManus Sinn Feineko ordezkariak, besteak beste.
"Legetik at ez da ezer posible, baina legearekin bakarrik ez dira gatazkak konpontzen", esan du Izaskun Bilbao EAJko eurodiputatuak. Bilbaoren ahotan, Batasuna "balioen bihotzetik" sendotu nahi du proposamenak, "borondatezko" batasunean eta "aniztasunean" oinarrituz.
Clara Ponsati Juntseko ordezkariak aldarrikatu duenez, afera independentisten aurrean EBren erantzuna "demokrazia gehiago eskaintzea" izan behar du, "ez gutxiago".
"Lurraldetasun gatazken konponbide baketsuan eredu izanaz aurrera egin behar du Batasunak", nabarmendu du. Horregatik, Estatu kide batek barne gatazka bat aitortzen ez duenean, Europako blokeari inplikazioa eskatu dio Ponsatik.
Pernando Barrena EH Bilduko eurodiputatua autodeterminazioaren inguruan marko legal bat zehazteko mekanismo baten beharrean fronte komuna egiteagatik zoriondu da.
Europako Etorkizunaren Konferentzian proposamena aurkeztuko dute. Estrasburgok hartuko dituen eztabaidak izango dira. Ondoren Europako Batzordeak erreformak aztertuko ditu.
Horrela, sinatzaileek gaia EBren itunetan jasotzea nahi dute, "Europako erakundeak erronka globaletara egokitzeko eta herriak hobeto ordezkatzeko".
EBk marko zehatz baten barruan status politikoaren inguruko herritarren adierazpen askatasuna bermatu behar duela uste dute eurodiputatuek. Horregatik, zehaztasuna beharrezkoa da, bozketa bat bermatu, fede onez negoziatzeko betebeharra eta negoziazioak errazteko markoak izatea.