Politika -

BIKTIMAK

Plaka bat jarri dute Garcia Corderoren omenez Donostian, Komando Autonomo Antikapitalistek hil eta 41 urtera

53 urteko donostiarra Telefonicaren lurraldeko ordezkaria zen. 1980ko urriaren 23an bahitu zuten etxetik atera zenean, eta Ulian aurkitu zuten bere gorpua zuhaitz bati lotuta.

Garcia Corderoren omenez Donostian jarri duten plakan egindako lore-eskaintza. Argazkia: EiTB
Garcia Corderoren omenez Donostian jarri duten plakan egindako lore-eskaintza. Argazkia: EiTB
Juan Manuel García Corderoren omenez plaka jarri du Donostiako Udalak

1:20

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Plaka bat jarri dute gaur goizean Donostian Juan Manuel Garcia Corderoren omenez, Komando Autonomo Antikapitalistek Gipuzkoako hiriburuan bertan bahitu eta hil zutela 41 urte bete direnean.

Garcia Corderok 53 urte zituen hil zutenean, eta Telefonicaren lurraldeko ordezkaria zen. 1980ko urriaren 23an bahitu zuten etxetik atera zenean, eta Ulian aurkitu zuten bere gorpua zuhaitz bati lotuta.

Familia Santuaren kaleko espaloian jarri du plaka Donostiako Udalak, Telefonicaren Amarako bulegoen parean, eta gaur omenaldia egin diote Garcia Corderoren senide eta gertukoek.

"Familiarekin hala adostuta, leku egokiena hau zela pentsatu dugu, Juan Manuel bertara iritsi behar baitzen, baina ez zen sekula ailegatu", adierazi du Eneko Goia Donostiako alkateak.

Garcia Corderoren alargunak, Kontxi Arrizabalagak, eta seme-alabek, bilobek eta birbilobek larrosa zuriak jarri dituzte plakaren gainean, lagunek eta udal talde ia guztietako ordezkariek egin duten moduan. EH Bildu ez da bertan izan, baina Reyes Carrere koalizio abertzalearen bozeramaileak parte hartu du udaletxean familiari egin dioten harrera ekitaldian.

Donostian biktimen omenez jartzen duten 14. plaka da. Orain arte ETAren 8 biktimaren, Komando Autonomo Antikapitalisten biren, DRILen baten, Batallon Vasco Españolen baten eta poliziaren beste batena ziren jarritakoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Donostia Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak