Politika -

Elkarrizketa

Zabaletak beste alderdiei egotzi die barne zatiketa puztu nahi izatea

Aralarren koordinatzaile nagusiak asteburuko Asanbladan parte hartzeko deia egin die Amaiurrekin koalizioan joatearen kontra daudenei. Sarkozyk Rajoyri "lezioa" eman ziola uste du.

Patxi Zabaleta Aralarren koordinatzaile nagusia. Argazkia: EITB
Patxi Zabaleta Aralarren koordinatzaile nagusia.
Patxi Zabaleta Aralarren koordinatzaile nagusia. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aralarrek Asanblada egingo du asteburuan Gasteizen eta kideei ezker abertzalearekin koalizioan joan nahi ote duten galdetuko diete. Hitzordu horrek agerian utziko du ustez dagoen barne zatiketa eta Amaiurrekin elkartzearen kontra dauden korronte kritikoek duten indarra.

Patxi Zabaleta Aralarren koordinatzaile nagusiak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, bihar erabakiak hartuko dituzte eta "pena" litzateke Amaiurrekin elkartzeko negoziazioak abiatzearen kontra daudenak ez bertaratzea.

Hala eta guztiz ere, Patxi Zabaletak Aralar ez beste alderdi politikoei leporatu die alderdi barruko zatiketa puztu nahi izatea. Aralarren buruzagiak uste du albisteak neurriz kanpo handitu direla, Amaiurrek EAEn indar bozkatuena izateko dituen aukerek beste alderdi batzuei eragiten dien tentsioagatik.

Sarkozy

Bestalde, Aralarren koordinatzaile nagusiak azpimarratu du Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak "lezioa" eman ziola Espainiako Gobernuari ETAko presoak hurbiltzearen alde agertu zenean.

Zabaletak ziurtatu du ETA "azkenean" desegingo dela, "zalantza izpirik gabe", eta puntu horretara iristeko bidean "borroka armatua utzi izana pauso garrantzitsuena eta erabakigarriena" izan zela gaineratu du.

Azaldu duenez, Espainiako Gobernua "ez da arduraz jokatzen ari", Frantziakoak, aldiz, "eredugarri jokatu zuen atzo", izan ere, lehergailuak lapurtu zituztenean "zerbitzu sekretuek berehala esan zuten ez zela ETA izan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea