Politika -
Ezker abertzalea
Ezker abertzalea: 'Sarkozyk agerian utzi du Rajoyren immobilismoa'
Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramailaren hitzetan, Frantziako presidentearen jarrerak "jarraibide argia" izan behar du.
Erredakzioa
Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramailearen hitzetan, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak ETAko presoen harira erakutsitako jarrerak "jarraibide argia" izan behar du Mariano Rajoyren Gobernuarentzat. Ugartebururen esanetan, Frantziako presidenteak "aurrea" hartu dio eta Rajoyren "immobilismoa" agerian utzi du.
Ezker abertzaleko bozeramaileak Donostian egindako prentsaurrekoan azaldu duenez, Nicolas Sarkozyk presoen inguruan proposatutakoari jarraitu behar dio Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak. "Preso politiko guztiak Euskal Herrira ekarri behar ditu, beharrezkoak diren neurri guztiak hartuz", Ugartebururen hitzetan.
"Beste edozein jarrera ezin da justifikatu nazioarteko komunitatearen aurrean, eta Rajoy bakarrik agertzen da haien begietara, abandonatuta; Sarkozyk aurrea hartu eta haren immobilismoa agerian utzi baitu", gaineratu du.
Espainiako Gobernua "irtenbideenaren kontrako bidetik” dabilela gaitzetsi du Ugarteburuk. Ildo horretan, "Euskal Herriaren eta nazioarteko komunitatearen gehiengoa" "irtenbideen bidetik” dabiltzala gaineratu du.
Ugartebururen iritziz, Sarkozyk ostegunean egindako adierazpenak "norabide onean" doaz eta Mariano Rajoyren Gobernuarentzat "jarraibide argia" izan behar dute. Sarkozyk ETAko presoak hurbiltzea "posiblea eta desiragarria" dela esan zuen atzo.
Hartara, "egoerak eskatzen duen maila emanez" eta “egungo aukera historikoa aprobetxatuz” jarduteko eskatu dio PPri.