Politika
Bateragune auzia
Bateragune auziko epaiketa errepikatzeko agindua bertan behera utzi dute, auzipetuen helegitea aztertu arte
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Auzitegi Gorenak epaiketa berriro egiteko agindua eman zuen, baina Auzitegi Konstituzionalak onartu egin Arnaldo Otegik, Arkaitz Rodriguezek, Rafa Diez Usabiagak, Miren Zabaletak eta Sonia Jacintok aurkeztutako helegitea.
-
Iñigo Iruin Bateraguneko auzipetuen abokatua. Artxiboko argazkia: EFE
Bateragune auziko epaiketa errepikatzeko Auzitegi Gorenak eman zuen agindua bertan behera utzi du Auzitegi Konstituzionalak, auzipetuek aurkeztu zuten helegitea aztertu arte, EFE agentziak iturri juridikoak aipatuta jakinarazi duenez.
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Bateragune auziko epaia baliogabetu ostean, Gorenak beste epaiketa bat egiteko agindu zuen, baina duela egun gutxi Konstituzionalak onartu egin zuen auzipetuen abokatuek aurkeztutako babes-errekurtsoa.
Besteak beste, ezarri zizkieten espetxe-zigorrak (sei urte eta erdira artekoak) eta gaitasungabetze-zigorrak osorik bete zituztela argudiatu zuten.
Ezker abertzaleko buruzagiak 2009ko urriaren 13an atxilotu zituzten Guardia Zibilak egindako polizia-operazio batean, ETAren zuzendaritzapean Batasuna berrantolatzen ari zirela egotzita.
Epaiketa 2011ko ekainaren 27an abiatu zen Auzitegi Nazionalean eta epaia irailaren 16an eman zuten: Arnaldo Otegiri eta Rafa Diez Usabiagari 10 urteko kartzela-zigorra eta 10 urterako gaitasungabetzea ezarri zieten, erakunde terroristako kide izatea leporatuta; gainerakoei zortzi urteko espetxe-zigorra jarri zieten.
Epaia aztertzerakoan, Auzitegi Gorenak sei eta sei urte eta sei hilabetera murriztu zituen kartzela-zigorrak. Gerora, Auzitegi Konstituzionalak ebazpen hori berretsi zuen.
Alabaina, 2018ko azaroan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen ezker abertzaleko buruzagiek ez zutela epaiketa justurik eta inpartzialik izan. Alabaina, ordurako zigorra osorik beteta zuten.
Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez 2015eko urriaren 11n atera ziren espetxetik; Arnaldo Otegi 2016ko martxoaren 1ean irten zen kartzelatik; eta Rafa Diez Usabiaga, 2017ko abuztuaren 17an.
Hala eta guztiz ere, 2020ko abenduaren 14an, Gorenak epaiketa errepikatzeko agindu zuen, Estrasburgok emandako ebazpenak auzipetuak absolbitzen ez dituela ulertzen duelako.
EH Bilduk epaiaren filtrazioa salatu du
Bestalde, EH Bilduk espainiar justiziaren "eskandalu" gisa izendatu du Bateragune auziaren epaia prentsan filtratu izana, inplikatutakoei jakinarazi aurretik.
Alderdiak Twitterren salatu duenez, "gure defentsari ez zaio jakinarazpen ofizialik egin Bateragune auzia baliogabetzen duen autoari buruz".
Gure defentsari ez zaio jakinarazpen ofizialik egin Bateragune auzia baliogabetzen duen autoari buruz. Komunikabideei egindako filtrazio bat da, baieztatzea espero dugun filtrazioa.
— EH Bildu (@ehbildu) October 28, 2021
Ezer berririk ez: ohituta gauden eskandalu baten aurrean gaude.https://t.co/Mt3bYUNDCU
Talde politikoak mantendu duenez, Bateragune auziaren epaiketa errepikatzeko erabakia "Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiarekiko desobedientziazko ekintza politikoa izan zen"; bost kondenatuek epai hori "osorik bete" zutelarik.
Koalizio abertzaleak iragarri du datorren astean, Konstituzio Auzitegiaren autoa ezagutu ostean, publikoki aztertuko duela "zehatz-mehatz, juridikoki eta politikoki".