Politika -
Elkarrizketa
Santanok, EH Bildurekin akordioak lortzeaz: "Ez naiz inor ere baztertzearen aldekoa"
Irungo alkateak ez du "goi politikaz", alegia, Anduezaren itun aukerez, hitz egin nahi izan, baina nabarmendu duenez, "maitasunean ez dago monopoliorik".
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Jose Antonio Santano Irungo alkatea beste alderdiekin, EH Bildurekin barne, akordioak lortzearen alde mintzatu da; izan ere, "ez naiz inor ere baztertzearen aldekoa" (PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek koalizio gobernua dute Gipuzkoako udalerrian). "Goi politikaren inguruan ez dut hitzik egingo, ez baitagokit niri, baina akordioen eta elkarrizketaren eremua beti da zerbait positiboa", argudiatu du.
Galdetu dioten arren, ez du erantzun nahi izan Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusi berriak Jaurlaritzan egin ditzakeen itun aukeren inguruan. "Ez ditut Anduezaren bozeramaile lanak egingo, errespetu handia diot. Berak esana du (EAJrekin) sinatutako akordioa errespetatuko duela, baina hortik aurrera, maitasunean ez dago monopoliorik", adierazi du Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan.
Mugako hiria izanik, migrazioa gertutik bizi du Irunek. Dena dela, Eudeleko presidenteordea ere badenak ez du uste hiri konkretu baten arazoa denik, "gizarte moderno baten erronka baizik". Horren ustetan, "gizarteratzea da erronka, bizitza hobe baten bila datozen pertsona horiek Irungo gizartearen parte izatea". Horren ildoan, "Europako politika bateratu" baten alde egin du, gizarteratzea ardatz izango duena.
ViaIrun proiektua ahotan (trenbidearen eremua berritzeko eta modernizatzeko proiektua), Santanok uste du "EAEko proiektu handienetako bat" dela. Zehaztu duenez, 70 milioi euro bideratuko dituzte horretara, eta "Abiadura Handiko Trena eta normaltasuna ekarriko dio ohiko trenbide sareari. Jauzia egingo dugu XXI. mendera", nabarmendu du. Irungo alkatearen arabera, 2022ko bigarren seihilekoan lizitatuko dute, eta lanak 2023an abiatuko dira.
Tokiko gaiak hizpide, Santanok esan du Gabonetan "oso bisitagarria" izango dela hiria. Horren esanetan, Espainiako izotz pista handiena eta "Europako hiri handiek dituzten argiak" jarriko dituzte bertan.