Politika -

Indarkeriaren amaiera

Taldeek ekarpenak egin ahal izango dizkiote Patxi Lopezen bake planari

eitb.com-ek zuzenean jarraituko du ostegun honetan, Legebiltzarreik, lehendakariaren bake planaren aurkezpena.

Patxi Lopez lehendakaria, Eusko Legebiltzarrean. EFE
Patxi Lopez lehendakaria, Eusko Legebiltzarrean. EFE
Patxi Lopez lehendakaria, Eusko Legebiltzarrean. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak bere ibilbide orria gehiago zehaztuko du ostegun honetan Eusko Legebiltzarrean, bakea eta bizikidetza errotzea helburu.

Eusko Jaurlaritzaren iturrien esanetan, proposamen batzuk jada aurreratu ditu, baina beste batzuk berriak izango dira.

Proposamenak, baina, gainerako alderdiei irekita egongo dira, "ekarpenak" egin ditzaten.

Aipatu iturrien arabera, lehendakariak uste du Kongresuak ETAren amaierari buruz adostutako adierazpena "zaharkitua" geratu dela EAEn, eta beraz, osteguneko proposamenetan "urrunago" joango da, "ekimenak eta foroak" proposatuz.

Lehendakariaren proposamena "bidearen hasiera" dela esan du Mendiak

Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak, lehendakariaren proposamena "bidearen hasiera" izango dela berretsi du, ez "iritsiera puntua", eta "ekarpen guztietara" zabalik dagoela gaineratu du.

Lehendakariaren urratsak

Irailaren 29an, lehendakariak dekalogo bat aurkeztu zuen Legebiltzarrean, politika orokorreko eztabaidan. Besteak beste, ETAko presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzea proposatu zuen, betiere erakunde terrorista desagertzen bada.

Urriaren 20an, ETAk indarkeriaren behin betiko amaiera iragarri zuen, eta ondoren Lopezek adierazi zuen "neurri batean" bete dela bere 'ibilbide orria', hots, indarkeriaren amaierari dagokiona.

Ondoren, bilera-sorta bat abiatu zuen alderdiekin eta eragileekin aro politiko berria aztertzeko.

Horren ostean, Moncloa jauregira joan zen, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin batzartzeko. Bilera horretan, Sortu legeztatzea eta espetxe politika malgutzea eskatu zion. Besteak beste, presoak hurbiltzea, norbanako birgizarteratze politikak abiatzea eta larri dauden presoei hirugarren gradua ematea aipatu zuen.

Gainerako taldeen jarrera

EAJk, PPk eta Ezker Anitzak Legebiltzarrean aurkeztuko duen plana aldez aurretik adostu ez izana egotzi diote lehendakariari.

Bere aldetik, Aralarrek esan du proposamenak ezagutzeko zain dagoela, eta ekimenak abiatzea lehendakariari dagokiola iritzi dio.

eitb.com-ek zuzenean jarraituko du, Eusko Legebiltzarretik eta Twitter bidez, lehendakariaren bake eta bizikidetza planaren aurkezpena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea