Politika -
DIPUTATUEN KONGRESUA
Odon Elorza ez da PSOEren bozeramailea izango Auzitegi Konstituzionaleko epaileak berresteko osoko bilkuran
Osteguneko osoko bilkuran, Enrique Arnaldoren eta beste hiru epaileren izendapena berretsiko du Diputatuen Kongresuak. PSOEko diputatuak salatu duenez, hautagai horren egokitasuna zalantzan jartzeagatik ez diote aukerarik emango eztabaidan parte hartzeko.
AGENTZIAK | EITB Media
Odon Elorza Gipuzkoako diputatu sozialista ez da PSOEren bozeramailea izango Auzitegi Konstituzionaleko epaile berriak berresteko ostegunean egingo den osoko bilkuran. Berak adierazi duenez, iragan astean Kongresuko izendapenen batzordean PPk proposatutako epaile horrekin "kritikoegia" izateagatik baztertu dute osteguneko eztabaidatik.
Arlo konstituzionaleko bozeramailea izan arren, osteguneko osoko bilkuran ez da PSOEren bozeramaile gisa arituko, baina parte hartzea espero duela esan du Ser irrati katean egin dioten elkarrizketan.
Edozein kasutan, Odon Elorzak nabarmendu du ez diotela inolako azalpenik eman, eta osteguneko gai zerrenda irakurrita ohartu dela eztabaidatik baztertu dutela. Bertan ageri ohi dira osoko bilkuran hitza hartuko duten pertsonen izenak.
Gaur goizean egin dioten elkarrizketan berriro azpimarratu duenez, Enrique Arnaldok ez ditu Auzitegi Konstituzionaleko epaile izateko "eredugarritasun baldintzak betetzen". Haren esanetan, FAESekin dituen loturek eta bere jarrera politikoek hautagai eredugarri eta duina izateko gaitasunik gabe uzten dute.