Politika -
Eusko Legebiltzarra
Kargu publikoen "ate birakariak" mugatzeko lege-proposamena aurkeztu du EH Bilduk
Testuak enpresa pribatuari zabaltzen dizkio kontrolak eta zehapenak, eta gainbegiratze-organoen independentzia indartzen du.
Agentziak | EITB MEDIA
EH Bilduk lege-proposamen bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, politikaren eta enpresa pribatuen arteko "ate birakariak" mugatzeko.
Maddalen Iriartek eta Josu Estarronak astearte honetan prentsaurreko batean aurkeztutako proposamenaren arabera, organo independente bat sortuko litzateke, enpresa pribatuan erantzukizuneko postuak lortu nahi dituzten erakundeetako edo politikako agintari ohien kasuak aztertzeko.
Testuaren berrikuntzetako bat da lege-maila ematen zaiola kargu publiko batetik enpresa pribatura igarotzeko bi urteko gabealdiari, hau da, egungo araudiaren arabera kargu publiko batek sektore pribatua uzten duenetik enpresa pribatuan erantzukizuneko lanpostu bat lortzeko igaro behar den denborari, egungo araudian ez baitago modu espezifikoan jasota.
Halaber, erakunde pribatuek kargu publiko bat uzten duten pertsonak kontratatzerakoan dituzten eskubideak eta betebeharrak zehazten ditu lege-proposamenak, gaur egun legeak eremu publikorako baldintzak baino ez baititu ezartzen.
Josu Estarrona legebiltzarkideak azaldu duenez, egoitza fiskala Euskadin duten enpresek ere legea betetzeko betebeharra izatea nahi dute, baldin eta "politikari jakin batzuk" egon daitezen interesa badute.
Halaber, artikulu batean ezartzen da bateraezinak direla Herri Kontuen Euskal Epaitegiko kide izatea ahaldun nagusi eta alkate izan direnentzat.
EH Bilduren lege-proposamenak 28 artikulu jasotzen ditu guztira, 2014ko Kargu Publikoetako Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen Legea aldatzen dutenak.
Iriartek argitu duenez, EH Bildu kargu politikoak izandituzten pertsonak eremu pribatura igarotzearen aldekoa da, baina ez "alderdi politiko jakin batzuetako" goi-kargudunak zuzenean zuzendaritza postuetara eta administrazio kontseiluetara joatearen aldekoa.
Bestalde, Iriartek salatu du zenbait alderditako kargu publikoak, batez ere EAJkoak, konpainiek fitxatu izana, "euren harremanak eta esperientziak aprobetxatzeko, ordainsari ekonomiko mamitsu baten truke".
Horrek, Iriarteren esanetan, "botere politikoa ekonomikoaren mende jartzea" ekartzen du.