Politika -
CISen inkesta
PPk gehiengo osoa lor dezake Andaluzian
Inkestak 54-55 eserleku (55ek emango lioke gehiengo osoa) ematen dizkio. PSOEk 44-46 eta IUk 9-10 lortuko lituzkete, eta bien artean PPri kendu diezaiokete agintea.
Erredakzioa
PPk irabazi egingo ditu martxoaren 25ean Andaluziako hauteskundeak eta gehiengo osoa lortzeko aukera handiak ditu.
Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) otsaileko bigarren hamabostaldian egindako inkestak azaltzen duenez, azkenean Javier Arenasek (PP) lortuko du Andaluziako presidente kargua, bosgarren saiakeran.
PPk 54 edo 55 eserleku (gehiengo osoa 55ek emango lioke) lortuko ditu, orain dituenak baino 7-8 gehiago. Jose Antonio Griñanen PSOEk, aldiz, sozialistek Andaluzian inoiz izan dituzten emaitza txarrenak lortuko ditu, izan ere, lehenengo aldiz Gobernua galduko du.
PSOEk 10-12 eserleku galduko ditu, eta herritarren % 37,7ren babesa jasoko du, PPk baino % 4 gutxiago.
Sozialisten beherakadak Izquierda Unidari egingo dio mesede, botoen % 9,8rekin egun dituen 6 diputatuetako 9-10 izatera pasako baita.
Horrek agerian uzten du PSOEk eta IUk PPri agintea kentzeko aukerak ere badituztela, izan ere, inkestak emandako emaitza onenak kontuan izanda 56 diputatu izango dituzte bien artean, eta PP 54rekin geratuko da.
Gainerako alderdiek ez dute ordezkaririk izango Andaluziako Parlamentuan. UPyDk botoen % 2,6 jasoko du eta Alderdi Andaluzistak beste hainbeste.