Politika -

KORONABIRUSA

Larunbatean Bilbon egingo den manifestaziorako deialdiari eutsi dio EH Bilduk, "osasun neurriak" bermatuz

Maddalen Iriartek berretsi du "zorrotzak" izango direla larunbateko manifestazioan hartuko dituzten neurrietan, pandemian osoan egin duten moduan.

Maddalen Iriarte artxiboko irudi batean
Maddalen Iriarte artxiboko irudi batean
Maddalen Iriarte artxiboko irudi batean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maddalen Iriarte EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak adierazi duenez, koalizioak eutsi egiten dio datorren larunbatean Bilbon egingo den manifestaziorako deialdiari, eta "modu seguruan" eta osasun-neurri guztiak bermatuz egingo dela ziurtatu du.

Komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan, EH Bilduk larunbaterako Bilbon deitu duen manifestazioa izan du hizpide, Jaurlaritzak osasun eta segurtasun neurriak betetzeko deia egin ondotik.

Koalizioak manifestazioaren deialdiari eusten diola azaldu du eta orain arte pandemian zehar egin bezala, honetan ere "ezarri beharreko osasun-neurri erabat zorrotzak" ezarriko direla gaineratu du, ahalik eta modu seguruenean gauzatu dadin.

"Gaur goizean EAJko kide bati entzun diot ez zuela zalantzan jartzen hamar egun barru egin behar duten Kongresua egiteko aukera, eta PSE-EEri ere ez diot ezer entzun asteburuan Pedro Sanchez buru izango duen Kongresuari buruz, ezta zelaiak bete eta milaka eta milaka pertsona bilduko dituzten futbol partidei buruz ere", ziurtatu du.

Zentzu horretan, Maddalen Iriartek berretsi du "zorrotzak" izango direla larunbateko manifestazioan hartuko dituzten neurrietan.

Kaleak "jendez lepo betetzera" dei egin du Sortuk

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak kaleak "jendez lepo betetzera" deitu du. "Duela 37 eta 32 urte, Espainiako Gobernuaren aginduetara zeuden mertzenarioek, batzuek onartu gabe jarraitzen duten Estatu terrorismoak, Santi Brouard eta Josu Muguruza hil zituzten herri honekiko zuten konpromisoagatik", adierazi du Rodriguezek Bilbon.

Bi hilketen urteurrenean, "herri honen gizon eta emakume konprometituak larunbatean Bilboko kaleak lepo betetzera" deitu ditu Sortuko idazkari nagusiak.

Erantsi duenez, manifestazioak hiru mezu zabaltzeko balioko du. Alde batetik, nahiz eta Brouard eta Muguruza hil, "haien ametsak eta borroka sekula biziago eta sendoago daudela".

Bestetik, "herri gisa aurre egin behar diegun erronka guztiek konpromisoa eta borroka eskatzen dutela, klima aldaketatik burujabetza nazionalaren berreskuratzera, zaintzaren krisitik bidezko bake egonkor eta iraunkor baten eraikuntzara", azpimarratu du.

Azkenik, azaldu duenez, hirugarren mezua hauxe litzateke: "herri honekin eta bere etorkizunarekin konprometitutako gizon eta emakumeak milaka eta milaka gara, bake, justizia, berdintasun eta askatasunean".

Testuinguru honetan, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak dei egin du asteburuan segurtasun neurriak errespetatzeko eta "indarrean dauden arauak" betetzeko. EH Bilduk larunbatean egitekoa duen manifestazioaren eta PSE-EEk egingo duen biltzarraren harira egin ditu adierazpenok.

"Edozein ekitaldi antolatzen dutenek erantzukizuna dute indarrean dauden arauekin, kontzertu bat izan, manifestazio bat edo alderdi poliiko baten kongresua", gaineratu du.

Horren ildotik, tankera horretako ekitaldien partaidei "segurtasun distantziak mantentzea" eta "musukoak erabiltzea" eskatu die.

Bere aldetik, Andonu Ortuzar EAJko presidenteak adierazi du ez duela zalantzarik EH Bilduk "bermatu" egingo duela osasun neurriak beteko direla.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Bilbo berriak Gaurko albisteak Bizkaia Gipuzkoa Araba EAE albisteak Gizartea EH Bildu Araba Eguneko albisteak Albisteak Maddalen Iriarte COVID fokuak