Itxi

2021/11/17

17:15

Politika

EAE-ko aurrekontuak

Bigarren aldiz batzartu dira Jaurlaritza eta EH Bildu, baina aurrekontuei buruzko negoziazioa ez da abiatu

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Maddalen Iriartek adierazi du gaur-gaurkoz negoziaketa hasteko aukerarik ez dagoela, Iñigo Urkulluren Gobernuak EH Bilduren proposamen politiko gehienak baztertu dituelako eta bere neurri ekonomikoak ezartzeko aurrekontua erdira murriztu duelako.  

1:8
Azpiazu eta EH Bilduren arteko bilera. Argazkia: EFE.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Eusko Jaurlaritza eta EH Bildu bigarren aldiz batzartu dira Euskal Autonomia Erkidegoko 2022rako Aurrekontuari buruz hitz egiteko. Bileran Maddalen Iriarte koalizio soberanistako bozeramaileak eta Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak hartu dute parte.

Lehendabiziko bileran EH Bilduk helarazitako proposamenari erantzuna eman dio Azpiazuk. Koalizioak dokumentua aztertuko du, baina Maddalen Iriartek aurreratu du gaur-gaurkoz ez duela negoziaketa bat abiatzeko aukerarik ikusten, mahai gainean jarri dituzten sei proposamen politikoak baztertu egin dituztelako.  

Azpiazuk, berriz, kontrakoa esan du eta ziurtatu du Jaurlaritza sei proposamen politiko horietatik lau onartzeko prest agertu dela, eta erantsi du EH Bilduk Nafarroako Gobernuarekin egin zuen akordioan aipatzen diren termino berdinak erabili dituela.

Bere esanetan, albo batean utzi dituzten planteamenduak bi izan dira: kooperatibak Lanbiden sartzea eta ikus-entzunezko sektorea indartzea.

Planteamendu ekonomikoei dagokionez, EH Bilduk 116 milioiko aurrekontua eskatzen zuen neurri-sorta proposatu zuen, baina Jaurlaritzak 62 milioi eskaini dizkio, gazteen emantzipaziorako proiektu pilotu bat martxan jartzea baztertu ostean.

"Alternatiba bideragarri eta errealista bat jarri dugu mahai gainean, gure eskumenak eta agertoki ekonomikoa kontuan hartuta", azpimarratu du Azpiazuk.  

Halaber, EH Bilduri "oposizio eraikitzailea" egiteko eskatu dio, "demagogia egiteari utzita".  

Alabaina, Iriartek kritikatu du Jaurlaritzak eztabaidagaietatik kanpo utzi dituela EH Bildurentzat "erabakigarriak" diren proposamen politiko gehienak.  

Ildo berean, koalizio soberanistak planteatutako neurri ekonomikoetarako aurrekontua "erdia baino gehiago" murriztu duela ohartarazi du.

Gauzak horrela, EAEko aurrekontua adosteko negoziaketa abiatzeko aukerarik ez dagoela uste du. Edonola ere, EH Bilduk Jaurlaritzaren dokumentua aztertuko du eta "laster" emango du erantzuna.

 

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;