Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
'Aitzakiak' jartzen dituzte elkarrizketa saihesteko, Ezenarroren ustez
Aralarren buruzagiak araudiaren "zirrikituak" erabiltzea eskatu du elkarrizketan aurrera egiteko.
Erredakzioa
Aintzane Ezenarro Aralarren Legebiltzarreko bozeramaileak adierazi du "batzuk eta besteek" "aitzakiak" erabiltzen dituztela alderdi politikoen arteko elkarrizketa saihesteko eta "protagonismoak" alde batera utzi eta "ditugun aukerak eta zirrikatuak baliatzeko" deia egin du elkarrizketa bideratzeko.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean Ezenarrok azaldu duenez, "antzerki pixka bat" egon zen atzo Legebiltzarrean, Patxi Lopez lehendakariak bakegintza alorrean egin zituen proposamenen aurkezpenean. Hala ere, "pauso bat" izan zela iritzi dio, izan ere, "desberdinen arteko elkarrizketara bideratzen dugun minutu bakoitza ona da eta baliagarria da herritarrentzat".
Horren harira, atzoko osokoan "asko" hitz egin zela eta "testu desberdin asko" aztertu zituztela azpimarratu du, baina azkenean akordioa zabalik lotu ez zuten arren, "horrek ez du esan nahi aurrera egin ez genuenik, lehenengo saiakera izan baitzen, orain arte bakoitzak berea egiten zuen".
Ezenarrok aitortu du eztabaida handiena lehendakariak bakegintza eta elkarbizitza alorrean aurkeztu zuen ponentziak sortu zuela. Txosten hori Aralarrek proposatu omen zuen mozio gisa eta orain "bere egin du". Hori horrela, Aralarreko kideak uste du lehendakariak "argi" adierazi zuela "gizarteko sentsibilitate guztien iritziak" jasoko direla eta "hor aurrerapausorik ez ikustea, ikusi nahi ez izatea da".
"Ponentziak Legebiltzarraren ateak irekitzen dizkio gizarteari, beste erakundeei, beste alderdi batzuei, izan ere, edonork parte har dezake bertan. Horrek zirrikitu bat irekitzen du Legebiltzarrean zuzeneko ordezkaritza ez dutenek ere parte har dezaten", gaineratu du.