Politika -

PARLAMENTO EN LAS ONDAS

EAEko alderdi denak, Elkarrekin Podemos-IU izan ezik, covid ziurtagiria ezartzearen alde agertu dira

Elkarrekin Podemos-IUk uste du ez dela neurri eraginkorra covid kutsatzeen katea eteteko. Gainerako alderdiek, aldiz, begi onez ikusten dute ziurtagiria eskatzea, betiere, neurri osagarri modura. EAEko Auzitegi Nagusiak astelehenean erabakiko du covid-19 pasaportea eskatzeko baimena eman ala ez.

Leixuri Arrizabalaga (EAJ) eta Mikel Otero (EH Bildu), Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media.
Leixuri Arrizabalaga (EAJ) eta Mikel Otero (EH Bildu), Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media.
Leixuri Arrizabalaga (EAJ) eta Mikel Otero (EH Bildu), Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaueko aisialdiko establezimenduetan, kontzertu-aretoetan edo 50 lagunetik gorako edukiera duten ostalaritza-establezimenduetan 12 urtetik gorako pertsonei covid ziurtagiria eskatzeko aukera mahai gainean dago Euskal Autonomia Erkidegoan. Eusko Jaurlaritzak, jada, pasaportea eskatzea baimentzeko eskatu dio Euskadiko Auzitegi Nagusiari, eta erakunde horrek astelehenean kaleratuko du ebazpena

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiak, Elkarrekin Podemos-IU izan ezik, pasaportea eskatzearen alde agertu dira, kutsatzeak murrizten lagundu dezakeelakoan.

Radio Euskadiko Parlamento en las Ondas saioko solasaldi politikoan izan dute hizpide gai hau, besteak beste. Elkarrekin Podemoseko Ion Hernandezen hitzetan, covid ziurtagiria eskatzea "ez da neurri eraginkorra", eta beste neurri batzuk egokiagoak izan daitezkeela nabarmendu du. "Leku itxietan airearen kalitatea kontrolatzea, eskoletan bereziki, eraginkorragoa da. Birusaren transmisioa kontrolatzeko, ezinbestekoa da espazio itxiak zaintzea", azaldu du.

Bere aldetik, EH Bilduko Mikel Oterok uste du covid pasaportea lagungarri izan daitekeela, baina argi utzi du horrekin bakarrik ez dela nahikoa. Ziurtagiriaren eraginkortasuna ere mugatua dela eta miraririk ezin dela espero nabarmendu du. Gainera, ezartzekotan, nola eta zein baldintzatan ezarri nahi den pasaportea argi azaltzeko eskatu du: "Ostalariak ez dira polizia lanetan jarri", esan du.

Ildo beretik mintzatu da Carmelo Barrio PP-Cs koalizioko legebiltzarkidea ere, eta "ikuskatzaile lanetan jarriko diren sektoreei" laguntzeko eskatu die Eusko Jaurlaritzari.

Gasteizko Gobernuko bazkide diren EAJ eta PSE-EE alderdiek, aldiz, ez dute uste aisialdiko aretoetan eta ostalaritza-establezimenduetan kontrol lanak egitea ez dela zaila izango.

Azkenik, alderdi guztiek berretsi dute txertaketa dela covidaren transmisioa eteteko gakoa, eta berriro txertorik hartu ez duten herritarrei dei egin diete, hitzordua har dezaten.

Entzun, hemen, Parlamento Ondas saioko solasaldi politikoa

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Koronabirusa Covid ziurtagiriaren berriak