Politika -

Martxoak 11ko biktimak

'Manipulazio nazkagarriarekin amaitzeko' eskatu du Pilar Manjonek

Bestetik, Angeles Pedraza AVTko presidenteak sindikatuak kritikatu ditu "omenaldian muturra sartzeagatik".

Pilar Manjon M-11ko Biktimen Elkarteko presidentea Atotxako omenaldian. Argazkia: Efe
Pilar Manjon M-11ko Biktimen Elkarteko presidentea Atotxako omenaldian. Argazkia: Efe
Batasunik ez martxoaren 11ko biktimen omenaldietan

01:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pilar Manjon M-11ko Biktimen Elkarteko presidenteak Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusia kritikatu eta "konspirazioen aldekoen manipulazio nazkagarriarekin" amaitzeko eskatu du.

Martxoaren 11ko biktimak omentzeko Atotxako geltokian egin duten omenaldian, Manjonek "krimenak epaituta daude" esan dio fiskal nagusiari, "eta kriminalak kondenatuta".

Zortzi urte "oso zailak" izan direla esan du M-11ko Biktimen Elkarteko presidenteak, eta azken urtea "gezurrez, irainez eta mehatxuz" beterik egin dela ziurtatu du.

"ETA izatea" gustatuko litzaiekeela esan du Manjonek, "horrela edozein Gobernuren partaide izango ginateke, Jaurlaritzakoa esaterako, edo eurodiputatuak, politizatuta gaudela egotzi gabe". "Baina ez, terrorismo yihadista izan zen", adierazi du.

Honen harira, Gobernuak mehatxu yihadista gutxietsi zuela kritikatu du, "nahiz eta bazekiten zer gertatu litekeen", eta gizartea batu beharrean, AEBetan irailaren 11rekin gertatu zen moduan, Espainiako zatiketaz penatu da.

Kontrako adierazpenak egin ditu bestalde AVTk. Oroitzapenaren basoan egin du AVTk omenaldia. Angeles Pedraza presidenteak sindikatuak kritikatu ditu "omenaldian muturra sartzeagatik".

Gainera, kasuak "irekita" jarraitzen duela esan du. "AVTk behin eta berriro esango du M-11 ez dela itxitako kasu bat. Oraindik gauza asko daude argitzeke", gaineratu du.

Ekitaldi honetan Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroa, Eduardo Torres Dulce Estatuko fiskal nagusia eta Ana Botella Madrileko alkatea egon dira, besteak beste.

AVTko presidenteak esan du "biktimak duin egiteko justizia" egin behar dela, eta horretarako "ikertzen jarraitu" behar dela, "ebatzi gabeko atentatu guztiak argitu arte, M-11koak eta ETAren 300ak ere".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea