Politika -

M-11ko atentatuak

Omenaldi instituzionalak egin dizkiete M-11ko biktimei Madrilen

Pilar Manjon M-11ko Biktimen Elkarteko presidentea ez da Madrilgo Gobernuak eta Udalak deitutako omenaldietan izan.

Madrilgo Gobernuak omenaldi instituzionala egin die 11-Mko atentatuetako biktimei. Argazkia: EITB
Madrilgo Gobernuak omenaldi instituzionala egin die 2004ko martxoaren 11ko atentatuetako biktimei.
M-11ko atentatuetako biktimak omendu dituzte Madrilen

01:02

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atochako M-11ko biktimen Omenezko Monumentuaren azpiko aretoa aukeratu du Madrilgo Udalak Espainian izan den atentatu gogorreneko biktimak omentzeko.

Madrilgo Gobernuak egin duen moduan, Udalak ere egun bat atzeratu du 2004ko martxoaren 11ko atentatuetan hildakoak eta zaurituak omentzeko ekitaldia, sindikatuek lan-erreformaren kontra deitu zuten manifestazioarekin bat ez egiteko.

Ana Botella Madrilgo alkateak lore koroa jarri du biktimen omenezko monumentuan eta Maite Pagazaurtundu Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidentea, Maria Angeles Pedraza Terrorismoaren Biktimen Elkartekoa eta Maria Angeles Dominguez 11-Mko Biktimen Laguntzarako elkartekoa izan ditu alboan. Pilar Manjon M-11ko Biktimen Elkarteko presidentea, berriz, ez da bertan izan.

Ekitaldi horren aurretik, 09:00etan, Esperanza Aguirreren Gobernuak beste ekitaldi bat egin du Puerta del Solen. Madrilgo Gobernuak omenaldi instituzionala egin die 2004ko martxoaren 11ko atentatuetako biktimei.

Urtero legez, hotza, isiltasuna eta tristura izan dira nagusi bost minutu inguru iraun duen omenaldian. Mozarten 'Requiem' abestia jarri dute aldirietako trenen kontrako atentatuan hildako 192 lagunei, zaurituei eta erreskate-taldeei omenaldia egiteko.

09:00etan, Esperanza Aguirre Madrilgo Erkidegoko presidenteak eta Ana Botella alkateak, PP, PSOE, IU eta UPyD alderdietako ordezkariekin batera, lore koroa jarri dute martxoaren 11ko biktimen omenezko xaflaren aurrean. Horren ostean, minutu bateko isilunea egin dute.

Ekitaldian izan da Maria Angeles Pedraza Terrorismoaren Biktimen Elkarteko presidentea eta Maria Angeles Dominguez M-11ko Biktimen Laguntzarako elkarteko presidentea.

Horiez gain, Jose Ignacio Wert Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroa, Miguel Arias Cañete Nekazaritza, Elikadura eta Ingurugiro ministroa eta beste agintari batzuk ere egon dira Espainiako ereserkiarekin amaitu den ekitaldian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea