Politika -

Gipuzkoa

Asensiok PSE aldarrikatu du abertzaleen alternatiba gisa, "egonkortasun eta bizikidetza bermea" delakoan

Gipuzkoako PSE-EEren Exekutibak botoen % 98.46 eskuratu du IX. Kongresuan.

Andueza eta Asensio. Argazkia: EiTB
Andueza eta Asensio. Argazkia: EiTB
Andueza eta Asensio. Argazkia: EiTB

agencias | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiak bere alderdia aldarrikatu du abertzaleen alternatiba gisa, "egonkortasunaren eta bizikidetzaren berme" delakoan. Era berean, PSE-EE "euskal ezkerra, ezker baliagarria" dela eta gobernatzeko prest dagoela esan du: "Erronkei aurre egiteko ideiak, ilusioa, gogoa eta pertsonak ditu".

Gipuzkoako PSE-EEk IX. Kongresua egin du gaur, eta 31 udal taldeetako 130 ordezkarietatik % 98,46k eman diote babesa Exekutibari.

Asensiok terrorismoaren biktimak izan ditu gogoan Gipuzkoako sozialisten idazkari nagusi kargua hartu duenean. "Erresistente" deitu die "indarkeriaren bidez proiektu politikoa inposatzen saiatu zirenen aurka bizitza eman zutenei", eta izen hauek aipatu ditu: German Gonzalez, Vicente Gajate, Enrique Casas, Fernando Mugica, Juan Mari Jauregui, Froilan Elespe, Juan Priede, Joseba Pagazaurtundua eta Isaias Carrasco.

Buruzagi sozialistak esan du Gipuzkoako Foru Aldundian egindako kudeaketa dutela "berme" gisa, "agenda sozialdemokratikoa sustatu" dutela, "eztabaida antzuetan, identitate eztabaidetan denbora galdu gabe", "herritarren beharrak eta lehentasunak" kudeatzen. Era berean, udal mailan egindako lana ere goraipatu du.

Horregatik, hurrengo udal eta foru hauteskundeetan sozialistak "garaile" izan daitezkeela uste du, Gipuzkoan "alternatiba ezkertiar eta aurrerakoia" gida dezaketela, "etorkizuneko belaunaldiekiko ardura" dutelako.

Gainera, sozialistek egindako kudeaketa EH Bildurenarekin alderatu du, koalizioa aipatu gabe bada ere. Hain zuzen, Aldundira iritsi zirenean zaborren kudeaketa "kaosa" zela esan du.

Asensiok Eneko Anduezaren postua hartu du, eta esan du PSE-EE "aurrerakoia eta anitza" den Gipuzkoarekin identifikatzen dela, "desberdintasunak errespetatuz".

Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiak, bere aldetik, "alderdia zabaltzea" eskatu du, "orain arte bizkarra eman diguten kolektiboei irekitzea", eta "egonkortasunaren, bizikidetzaren, eskubide sozialen eta askatasunaren" alde "indarrak batzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoa Alderdi politikoak PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Eneko Andueza