Itxi

2021/11/30

00:10

Politika

EPPK-REN AGIRIA

Presoek harrerei buruz egindako adierazpena positiboa dela esan dute Maria Jauregik eta Consuelo Ordoñezek

EITB MEDIA

Ñabardurekin bada ere, ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alabak eta Coviteren presidenteak adierazi dute bizikidetzarako "berri ona" dela presoen kolektiboak harrerak "era pribatu eta diskretuan" egiteko eskaria egin izana.

  • Maria Jauregi ETBn egindako elkarrizketa batean.

    Maria Jauregi ETBn egindako elkarrizketa batean.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Maria Jauregi eta Consuelo Ordoñez bat datoz: Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) espetxetik ateratzen diren presoei harrerak "era pribatu eta diskretuan" egiteko nahia publikoki agertu izana "berri ona da" bizikidetzarako.

Radio Euskadiko "Ganbara" saioan egindako elkarrizketan, ETAk 2000. urtean hildako Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibil ohiaren alabak azpimarratu du "bizikidetzarako beste urrats bat gehiago" eta "enpatia ariketa bat" dela.

"Eskatzen geniena egin dute. Nik ulertzen dut hainbeste urte kartzelan egon ostean familiak eta lagunek harrera bat egin nahi izatea, baina harrera horrek biktimei samina eragin diezaiokeela uler zezatela eskatzen genien. Uste dut gaurko adierazpena enpatia ariketa bat dela", nabarmendu du.  

Halaber, indarkeria mota guztiak eta biktima guztiak aitortzeko deia egin du. "Bada garaia Estatuak bide horretan urratsak eman ditzan", esan du.

Bestalde, Consuelo Ordoñez Covite biktimen elkarteko presidenteak ere onartu du EPPKren adierazpena "bide onean emandako pausoa" dela, eta orain "emandako hitza betetzea" soilik falta dela erantsi du.

Ildo berean, berri ona dela esan du, "urteak daramatzagulako ekitaldi umiliagarri horiek salatuz".

"Berri on hau, hein handi batean, gure egiten dugu; izan ere, Covitek 2016tik darama bakardadean errealitate gordin hori salatuz", azaldu du.  

Edonola ere, "inork ez dezala espero guk eskerrak ematea terroristei eta hiltzaileei omenaldi publikoak egiteari utziko diotelako", gaineratu du.

Bestalde, Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileak ere nabarmendu du EPPKren adierazpena "garrantzitsua" dela, "bizikidetzari ekarpena egiten diolako".

"Erabaki horrekin, EPPK-k Euskal Herriko gehiengo sozial eta politikoarekin bat egiten du, indarkeriaren zikloaren ondorio guztiak konpontzeko helburu komunarekin", esan du Radio Euskadin.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;