Itxi

2021/12/02

19:44

Politika

13/13 sumarioa

Auzitegi Nazionalak eman dezakeen ebazpena dela eta, kezkatuta agertu dira 13/13 sumarioko auzipetuak

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Defentsako abokatuek salatu dute prozeduran hainbat irregulartasun izan direla eta auzipetuetako bik torturak eta sexu-gehiegikeriak sufritu zituztela. Erakundeen, alderdien eta gizarte-eragileen babesa eskatu dute.

  • 13/13 sumarioko abokatuak. Argazkia: EFE

    13/13 sumarioko abokatuak. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Espainiako Auzitegi Nazionalak edozein egunetan eman dezake 13/13 sumarioari buruzko epaia eta auzipetuak "oso kezkatuta" agertu dira horregatik.

"Arrazoi pertsonaletik harago, kezkatuta gaude zigortzen bagaituzte iraganera itzultzea suposatuko duelako, 'dena ETA da' tesiaren garaira, auzitegiak errepresioa bideratzeko erabiltzen zituzten garaira… Azken batean, euskal gizarteak gainditutzat ematen zuen garaira", adierazi du Arantza Zulueta abokatuak Bilbon egindako agerraldi batean.  

Auzia duela 10 urte abiatu zela eta prozeduran irregulartasunak izan direla kontuan hartuta, auzipetu guztiak errugabe jo beharko zituztela azpimarratu du Aiert Larrarte abokatuak.

Zuluetarentzat 19 urteko kartzela-zigorra eskatzen dute, eta gainerako auzipetuentzat -Jon Enparantza, Naia Zuriarrain, Iker Sarriegi, Saioa Agirre eta Nerea Redondo-, 7 eta 12 urteko espetxealdiak.

Zuluetak gogoratu du atxiloketak 2011an izan zirela, Aieteko Konferentziaren atarian, eta berretsi egin du sasoi hartan Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren baitan gatazka armatuaren amaierari buruzko eztabaida eman zedin lagundu zutela auzipetuek.    

"11 urte geroago gure ekarpena lagungarria izan zela esan dezakegu, baina, tamalez, 11 urte geroago horregatik epaitu gaituzte eta prozeduran eskubide urraketa larriak agerian geratu dira. Ez dugu bermerik eta epaiketa justurik izan", salatu du.

Torturak eta irregulartasunak

Ildo horretan, Fiskaltzaren jarrera gogor kritikatu du, "ETA existitzen dela esan baitu, eta adierazpen horrekin iraganeko agertokiak justifikatu nahi ditu, hainbat sektore eroso sentitzen batira testuinguru horretan", erantsi du.

Zuluetak ziurtatu du auzipetu guztiak "bakearen eta bizikidetzaren alde" ari direla lanean eta gaineratu du "oso larria" izango litzatekeela zigor ebazpen bat ematea.

Horrenbestez, euskal jendartearen, erakundeen, alderdi politikoen eta gizarte-eragileen babesa eskatu du, epaiak orain arte egindako bidean "atzerapausorik" ekarriko ez duela bermatzeko.

Bestalde, Aiert Larrartek azpimarratu du epaiketan frogatuta geratu direla auzi honetan izan diren hainbat irregulartasun, tartean CNIk legez kanpoko entzuketak egin zizkiela abokatuei eta atxiloketetan parte hartu zuela.  

Horrez gain, berriro nabarmendu du Saioa Agirrek eta Naia Zuriarrainek torturak eta sexu-gehiegikeriak jasan zituztela Guardia Zibilaren esku egon ziren egunetan, eta gogora ekarri du beste auzipetu batzuk bi aldiz epaitu dituztela delitu bera egotzita, 2019an Herria auzian epaitu baitzituzten.

Defentsako abokatuek auzipetu guztien absoluzioa eskatuko dute eta ebazpena haien aurkakoa bada, helegitea aurkeztuko dutela iragarri dute.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;