Politika -

Tramitazioa

Diputatuen Kongresuak bitarteko langileen legea onartu du, eta orain Senatuaren esku geratuko da

Konkretuki, lege-proiektuak aldeko 170 boto jaso ditu, 156 abstentzio, horien artean PP, Vox eta Ciudadanosena, eta kontrako 5 boto.

EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko lege-proiektua onartu du Diputatuen Kongresuak ostegun honetan. Lanpostu publiko berean gutxienez bost urtez egondako bitarteko langileentzako konkurtsoak gordeko ditu legeak, oposizioak baztertuz.

Konkretuki, lege-proiektuak aldeko 170 boto jaso ditu, 156 abstentzio, horien artean PP, Vox eta Ciudadanosena, eta kontrako 5 boto.

Proiektua Senatuaren esku geratuko da orain. Miquel Iceta Funtzio Publikoaren ministro ohiak Administrazioko sindikatuekin adostutako lege-dekretua du abiapuntu ekimenak. Kongresuan indargabetzea saihestu zuten, PSOEk Unidas Podemosekin eta ERCreki akordioa itxi ondoren.

Ondoren Espainiako Gobernuak ERCrekin eta EAJrekin akordioa itxi zuen, lanpostu publiko berean gutxienez bost urtez egondako bitarteko langileak finko egiteko, oposiziorik gabe, meritu konkurtso baten bidez, Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuaren 61.6 artikuluari helduta.

Kongresuko eztabaidan, Mikel Legarda EAJko diputatuak eta Pilar Vallugera ERCko ordezkariak behin betiko testuari egindako ekarpenak defendatu dituzte, baina bazterrean geratu diren gaiak badaudela onartu dute.

Azken hilabeteetan proiektuan sartu diren hobekuntzengatik pozik agertu dira Junts eta EH Bildu, baina oraindik "zintzilik geratu diren gai ugari" daudela erantsi du koalizio abertzaleak.

Gainera, Mertxe Aizpurua diputatuak uste du alde asko zehazteke daudela, adibidez, 2024an behin-behinekotasun tasa % 8 baino handiagoa ez izateko neurriak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Lana Funtzionarioak Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Senatua