Politika -
Eszenario berria
Poliziaren 'inpunitatea' amaitzeko eskatu diote Espainiari
Eskaera Amnistia Internazionaleko arduradun nagusiak egin du, Madrilen. Erakundea Alderdien Legea aldatzearen eta ETAko presoak Euskadiko kartzeletara hurbiltzearen alde agertu da.
Erredakzioa
Espainiako segurtasun indarrek ETAren kontrako borrokan "abusu larriak" egin dituztela salatu du Amnistia Internazionalak. Hori dela eta, iragan urrian iragarritako indarkeriaren behin betiko amaieraren ondoren sortutako "eszenario berrian" inpunitatearentzako lekurik ez izatea eskatu dute.
Salil Shetty Amnistia Internazionaleko idazkari nagusia Madrilen da, bisita ofizialean, eta inpunitateari erreferentzia egiteaz gain, Sortu legez kanpo egotea ere zalantzan jarri du, "indarkeria bultzatzen ari ez diren alderdiak debekatzeaz" aritu denean.
Jose Manuel Garcia-Margallo Kanpo Arazoetako ministroarekin, Ignacio Ulloa eta Fernando Roman Barne eta Justicia Estatu-idazkariekin; Jorge Moragas Gobernuko presidentearen kabineteko zuzendariarekin; eta PP, PSOE, IU eta Estatuko Fiskaltzako ordezkariekin bildu ondoren egin ditu adierazpenok.
Sortu eta presoen hurbiltzea
Shettyk zalantzan jarri du "indarkeria bultzatzen ez duten alderdiak debekatzea". Horrekin Sortu alderdi abertzaleari erreferentzia egin dio. Sortu legez kanpo utzi zuen Auzitegi Gorenak Batasunaren ordezkoa izateagatik, eta helegitea Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren zain dago.
Horrez gain, Shetty ETAko presoak Euskadiko kartzeletara hurbiltzearen alde agertu da banakako eskaera egiten duten presoen kasuan. Horri helduta, Estatuko Segurtasun Indarrek ustez egindako "giz eskubideen urraketak" ikertzearen alde ere egin du.