Politika -

Bilkura Legebiltzarrean

Etxetik kaleratzea ekiditeko bitartekaritza zerbitzua, apirilean prest

Bestalde, Isabel Celaak iragarri du Eusko Jaurlaritzak EHUri laguntza eskainiko diola, ETAko presoek euskal unibertsitatean ikasteko aukera izan dezaten.

Jaurlaritzaren kontrolerako saioa egin dute Legebiltzarrean. EITB
Jaurlaritzaren kontrolerako saioa egin dute Legebiltzarrean. EITB
Jaurlaritzaren kontrolerako saioa egin dute Legebiltzarrean. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Arriolak iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak apirila bukaerarako izango du amaituta kaleratzeak ekiditeko bitartekaritza zerbitzua. Hala erantzun dio Mikel Aranari, izan ere, Ezker Anitzako legebiltzarkideak gogor kritikatu du Jaurlaritzak joan den irailean iragarri izana egitasmo hori martxan jarriko zuela eta oraindik prest ez egotea.

Etxebizitza eta Justizia saila prestatzen ari diren ekimen honen helburua hipotekak ordaindu ezin dituzten pertsonen eta banketxeen artean bitartekari lanak egitea izango da, kaleratzeak ekiditeko.

Jaurlaritzak EHUri lagunduko dio, presoek euskal unibertsitatean ikas dezaten

Bestalde, Isabel Celaak iragarri du Eusko Jaurlaritzak EHUri laguntza eskainiko diola, ETAko presoek euskal unibertsitatean ikasteko aukera izan dezaten. Joan den abenduaren 19an Auzitegi Gorenak arrazoia eman zion EHUri, eta orain Espetxeetako Zuzendaritzaren oniritzia baino ez du behar euskal unibertsitateak Espainiako kartzelatan sakabanatuta dauden presoei klaseak emateko.

Celaak jakitera eman duenez, Iñaki Goirizelaia errektoreak dagoeneko eskatu du Angel Yuste Estatuko idazkariarekin biltzea, aipatu akordioa sinatzeko negoziazioa hasteko. Oraingoz ez dute erantzunik jaso.

Kale erasoen inguruan galdetu dio PPk Aresi

Bestalde, Rodolfo Aresek berretsi egin du 'kale borroka' erasoak ia erabat desagertu direla EAEn. Nerea Llanos Alderdi Popularreko legebiltzarkideak urtarrila eta martxoa bitartean izan diren erasoak 'kale borroka' ekintzak izan diren argitzeko eskatu dio Herrizaingo sailburuari. Aresek onartu du azken hiru hilabeteotan bederatzi kale eraso izan direla EAEn, batzuk ETAko ustezko kideen atxiloketekin lotuta, baina beste batzuk lan-gatazkei, kapitalismoaren aurkako protestei eta Gasteizko Martxoaren 3ko biktimen aldeko manifestazioei lotuta gertatu direla adierazi du. Estatuko beste herrialde batzuetan ere kale erasoak izaten direla ere nabarmendu du. "Gauzak argi esan behar ditugu eta errealitatea ez da faltsutu behar: Euskadin aro berri bat ireki da ETAk bere jarduera terrorista utzita, eta 'kale borroka' ekintzak ez dira beste arazo batzuei lotutako kale erasoekin nahasi behar", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea