Politika -

Trebiñu

Trebiñuko Konderriak eta Argantzunek ekimen bateratu bat onartu dute Araban integratzea sustatzeko

Bi udalerriek onartzen dute Burgosko eta Arabako aldundien arteko hitzarmenek hobetu egin dutela Trebiñuko zerbitzuen koordinazioa, baina, hori ez da nahikoa. Lan-mahai bat eratuko dute ekimena lantzeko.

Tebiñu. EITBren artxiboko irudia.
Tebiñu. EITBren artxiboko irudia.
Tebiñu. EITBren artxiboko irudia.

Agencias | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Trebiñuko (Burgos) barrendegia osatzen duten Trebiñuko Konderriko eta Argantzungo udalek, Araban integratzeko asmoei heldu diete berriro; hurrenez hurren, herri horietako alkate diren Enrique Barbadillo (EAJ) eta Pablo Ortizek (EH Bildu), ekimen bateratu bat proposatu dute eta gaur goizean herriotan egindako ezohiko bilkuretan onartu egin da ekimen instituzional bateratu hori, Trebiñu burgoko barrendegia Araban, Euskal Herrian, integratzeko

Onartutako dokumentuaren arabera, helburua "prozesua suspertzea" da; izan ere, orain arte martxan egon den Burgosko eta Arabako aldundien arteko hitzarmena, "helburuak betetzen" dituzte, baina "bizilagunak erosokerian erortzea" ere ekarri du, integrazio eskarian aurrerapausorik eman gabe.

Anexiorako bidean aurrera egiteko, Trebiñu Euskal Herrian integratzeko lan egin dezaketen pertsona ez-instituzionalez osatutako lan-mahaia eratuko da.

Halaber, komunikazio-kanpaina bat diseinatuko da barrendegia Araban integratzearen alde, bai eta "Trebiñuko ezohiko egoeraren arazoak ezagutzera emateko" ere; izan ere, lurraldea bera Arabako lurren barnean dago, Euskal Herrian, baina administratiboki Burgosen eta Gaztela eta Leonen menpe dago.

Bi udalek, gainera, herritarrei dei egiten diete "ekimen hau sustatzen laguntzeko eta antolatzeko, Trebiñuko enklabea Araban integratzea lortzeko herritarren funtsezko eta ezinbesteko motorra izan dadin".

Burgosko Aldundia eta Arabako Foru Aldundia bien arteko esparru-akordio bat negoziatzen hasi zen 2017an eta hitzarmenen bidez joan da garatzen. Joan den udaberrian berritu da azkenekoz.

Argantzungo alkateak aitortu duenez, akordio horrek Trebiñun eskaintzen diren zerbitzuen koordinazioa hobetu du. Baina, hala eta guztiz ere, azken helburua Trebiñu arabarra izatea da, izan ere, "Aldundien arteko hitzarmenak, Trebiñu Araban integratu bitarteko adabakiak baino ez dira".

Ildo horretan, bi udalek, Arabako Foru Aldundiak eta hainbat auzo-kolektibitatek behin eta berriz adierazi duten nahia dela gogorarazi du.

EAJko alkateaz gain, Trebiñuko udalbatza osatzen dute hautesle taldeetako bost zinegotzik eta EH Bilduko batek.

Argantzungo alkatea, berriz, EH Bilduko kidea da, eta taldeak beste zinegotzi bat du Udalean. Udalbatza osatzen dute EAJko hiru zinegotzik eta PPko batek, baina azken hori ez da urritik osoko bilkuretara agertu. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Araba Burgos Eguneko albisteak Albisteak Arabako Foru Aldundia