Politika -
udal aurrekontuak
Durangoko EH Bilduk eta Herriaren Eskubidea taldeak aurrekontu akordioa lortu dute PSE-EErekin
Talde sozialistak aurkeztutako 11 zuzenketa onartu ditu udal gobernuak, eta hala, PSE-EEko zinegotziak abstenitu egingo dira datorren urterako aurrekontuen bozketan.
agentziak | eitb media
Durangoko Udaleko gobernu taldeak, EH Bilduk eta Herriaren Eskubidea taldeak osatua, akordioa lortu du PSE-EErekin. Hala, talde sozialista abstenitu egingo da astelehenean egitekoa den 2022rako Aurrekontuen bozketan, Udaletik jakitera eman dutenez.
Asteazken honetan izandako Aurrekontuen Batzordean ezin izan zuten aldebikotasunezko akordiorik itxi, baina negozioazioekin jarraitu dute eta PSE-EEk aurkeztutako 11 zuzenketa onartzea erabaki dute, 490.000 euroko zenbatekoa suposatuko dutelarik.
Akordio honen bitartez, gobernu taldeak PSE-EEren babesa lortu du datorren urteko aurrekontuetarako. 38.711.152 euro izango dute guztira, eta aurreikusitako proiektuen artean daude San Roque eta Juan de Iciar zentro zibikoak, Santa Maria elizpearen eraberritzea, Pinondo plazaren eta atzeko parkearen birmoldaketa edo haur jolasak hobetzeko 205.000 euro.