Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Errekondo: 'Berdintasuna bermatzen bada, Amaiur batzordean egongo da'
Xabier Mikel Errekondo Amaiurren Kongresuko bozeramaileak uste du lantalde horretan "Euskal Herriko alderdi guztiek" egon behar dutela, baina "egoera berean".
Erredakzioa
Xabier Mikel Errekondo Amaiurren diputatu eta Kongresuko bozeramaileak esan du koalizio abertzalea elkarbizitzaren eta bakearen inguruko lantaldean egongo dela "berdintasuna bermatzen bada, parte-hartzea berdina bada denentzat eta ekarpen guztiak errespetatzen badira".
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, berdin dio "Legebiltzarrean edo handik kanpo egiten den", hala ere, "erakunde independente batek" zuzendu beharko lukeela eta "Euskal Herriko alderdi guztiak" hartu beharko lituzkeela azpimarratu du.
PPren Gobernuaren jarrera
Bestalde, diputatu abertzaleak esan du PP "oraindik negoziazio egoeran" dagoela "euskal gatazka"ri dagokionez, baina "norabide zuzenean" aurrera egingo duela espero du.
"Oraingoz, PPk aitortu du aro berri bat ireki dela eta izaera politikoa duela", adierazi du elkarrizketan.
Sorturen legalizazioa
Errekondok espero du Auzitegi Konstituzionalak Sorturen inguruan emango duen ebazpena "positiboa" izango dela, alderdiak "legea goitik behera betetzen duelako". Gainera, "indarkeria adierazpen oro ezker abertzalearen estrategiatik kanpo" dagoela azpimarratu du.
Errekondoren arabera, Sorturen auzia "gehiegi luzatu da", izan ere, ez litzateke "auzitegian egon behar ere".