Politika -
EAE-ko Aurrekontuak
2022ko aurrekontuak onartu ditu Legebiltzarrak, EAJren eta PSE-EEren botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin
Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdien 41 legebiltzarkideen babesarekin onartu dituzte EAEko aurrekontuak. EH Bildu abstenitu egin da, eta Elkarrekin Podemos-IUk, PP+Cs-k eta Voxek aurka bozkatu dute.
O.P. | Eitb Media
2022ko Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuak onartu ditu Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bildu abstenitu egin da, Eusko Jaurlaritzarekin lortutako akordioaren ostean, eta oposizioko beste taldeek (Elkarrekin Podemos-IU, PP-Cs eta Vox) kontra bozkatu dute.
13.107,8 milioi eurokoak dira legealdi honetan onartutako bigarren aurrekontuak.
Horrela, legealdiko bigarren aurrekontuak aurtengoak baino babes handiagoarekin onartu dira. Orduan, Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek (EAJ eta PSE-EE) Legebiltzarrean duten gehiengo absolutuari esker (41 eserleku) onartu ziren, baina EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU, PP+Cs eta Talde Mistoa-Vox alderdiek (34 legebiltzarkide guztira) aurka bozkatu zuten.
Oraingo honetan, aldeko 41 botorekin (EAJ eta PSE-EE), 21 abstentziorekin (EH Bildu) eta Elkarrekin Podemos-IU, PP+Cs eta Talde Mistoa-Vox alderdien kontrako 11 botorekin onartu dituzte aurrekontuak. Bi legebiltzarkide falta izan dira gaurko bozketan.
Elkarrekin Podemos-IU eta PP+Cs alderdiek kontrako botoa eman dute, bakoitzak bere arrazoirengatik; bat etorri dira ordea, esatean, aurrekontu hauek ez dutela krisi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko balio. Amaia Martinez Vox alderdiko legebiltzarkideak ez du bozketan parte hartu, bere alderdiak zehaztu ez dituen "aparteko arraoziengatik". Dena den, ondoren, aktan jasoa izan da haren aurkako botoa.
Botoaren azalpena
Eztabaidan, EAJk eta PSE-EEk aurrekontuaren edukia defendatu dute eta EH Bildurekin lortutako akordioa baloratu dute.
Itxaso Berrojalbizek (EAJ) nabarmendu duenez, aurrekontuak onartzeko beste talde batzuen babesik behar ez bazen ere, Gobernuko bazkideak "malguak" izan dira eta ahalik eta akordiorik zabalena lortzeko xedean, fruituak eman ditu EH Bildurekin izandako elkarrizketak, "guztion onerako".
Sonia Perez sozialistak (PSE-EE) esan du osasun krisitik ateratzeko, energiaren eraldaketarako, gizarte ongizaterako eta ekonomia suspertzeko aurrekonturik eta onenak direla, eta azpimarratu du ez dela inon "murrizketarik" izan.
Nerea Kortajarenak (EH Bildu) onartu egin du aurrekontuek "egiturazko gabeziak" dituztela eta ez dutela erronkei erantzuteko balio, baina Jaurlaritzarekin egindako akordioa "ezohiko egoera" bati aurre egiteko "erantzukizunagatik" egin dela esan du, eta nabarmendu du, besteak beste, Lehen Arreta indartzea, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata erkidegoko errealitatera egokitzea eta energia eraldatzeko partidak lortu direla akordio horri esker.
Miren Gorrotxategiren (Elkarrekin Podemos-IU) ustez, EH Bildu ez da asmatzen ari bere itunarekin. "Hauteskunde kalkulu" bat egin duela baina, "murrizketekin nolabaiteko adostasuna" erakutsi duela iritzi dio, eta ohartarazi duenez, euskal herritarren osasunerako eskubidea "ez dago behar bezala bermatuta". Izan ere, Eusko Jaurlaritzak alde batera utzi dituen "4.000 osasun-langile baino gehiago" eta horiek berreskuratzea eskatu du. Gainera Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren eta gizarte-larrialdietarako laguntzen murrizketa sozialak deitoratu ditu.
Luis Gordillok (PP+Cs) kritikatu egin du taldeak aurkeztutako 1.500 zuzenketa partzialetako bakar bat ere onartu ez izana, eta Euskadi etorkizuneko erronken aurrean desarmatua geratzen dela esan du. EAJk eta PSE-EEk EH Bildurekin osatutako "gehiengo berriari" buruz ohartarazi du datorren urtean ikusiko dela nola "itzultzen den hori proiektu politikoan".
Amaia Martinezek (Vox) bere alderdiaren kontra egiten den "hesi antidemokratiko nazkagarria" salatu du. "Euskal nazio independente baten eraikuntzan" oinarritutako aurrekontuaren "xahuketa" kritikatu du eta ETA kondenatu gabe jarraitzen dutenekin egindako "aliantzak" arbuiatu ditu.
Bozketaren amaieran, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak eskerrak eman dizkio EH Bilduri "politika erabilgarriarekin" bat egiteagatik, aurrekontuek beharrezko diren politika guztiei aurre egiteko bermeak dituztela adierazi du eta Eusko Jaurlaritzak pandemiari aurre egiteko behar adina baliabide jarriko dituela gaineratu du.