Politika -

Balorazioak

Iritzi kontrajarriak eragin ditu Felipe VI.aren Gabonetako mezuak alderdi politikoen artean

Errege emerituaren egoerari erreferentziarik ez egitea kritikatu diote EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. Euskadiko PPk eta PSOEk, berriz, mezuaren edukia eta egokitasuna txalotu dute.

Felipe VI.a, Gabonetako mezuan. Argazkia: Efe.
Felipe VI.a, Gabonetako mezuan
Felipe VI.a, Gabonetako mezuan. Argazkia: Efe.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Felipe VI.ak Gabon gauan emandako ohiko mezuak iritzi kontrajarriak eragin ditu alderdi politiko ezberdinen artean.

EAJ

Aitor Esteban Espainiako Kongresuko EAJko bozeramailearen iritziz, "sinesgarritasuna" ez da "argazkia eta eszenatokia aldatzearekin lortzen, eta "zintzotasun publikoaz eta moralaz hitz egiteak ez du zintzotasun publiko eta moral egotea bermatzen".

Bilbon egindako agerraldian, Estebanek esan du aurtengo mezua ez dela aurreko urteetakoen oso ezberdina, "aipatutako gaiei dagokienez, batzuk ondo egon daitezke, baina ez da xehetasunetan sartu".

EAJko ordezkariak azaldu duenez, harrituta geratu da Felipe VI.ak "esaldi bakarra, eta oso laburra" erabili duelako "erakundeetako arduradunak zintzotasun publikoaren eta moralaren adibide izan duela esateko". "Harritzekoa da hori, besteek egin beharrekoa azpimarratzen duelako koroak duen arazo larriari erreferentziarik egin gabe".

EH Bildu

Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuko EH Bilduko bozeramaileak "Felipe VI.a Errege emerituaren iruditik aldentzeko martxan jarritako operazioa" salatu du. Aizpuruaren hitzetan, estrategia horren helburua "monarkiak aurrera jarraitzea da, ezer gertatu ez balitz bezala".

Usurbilen, Gipuzkoan, egindako adierazpenetan, EH Bilduko kideak esan du Felipe VI.aren mezuan "ez esandakoak" duela esandakoak baino garrantzi handiagoa. Horren harian, hori "monarkiak duen mailaren eta sinesgarritasunaren adibide garbia da".

Aizpuruaren ustez, FelipeVIa.k "gizarte politiketan eta alor publikoan duintasuna eta zintzotasuna duten erakundeen alde egitea bitxia eta ironikoa da", "bera horren zantzurik erakusten duen monarkia baten burua delako".

PSOE

Cristina Narbona PSOEko presidentearen ustez, Felipe VI.aren mezuak "arazoen diagnostiko egokia egin du, haiei aurre nola egin ere egoki adieraziz".

PSOEk zabaldutako mezu batean, Felipe VI.ak espainiarrek dituzten arazo nagusiak aipatu zituela azpimarratu du, "osasunarekin, segurtasunarekin, enpleguarekin eta ongizatearekin" lotuta daudenak, eta erregeak "enpatia eta elkartasuna" erakutsi zituela gaineratu du.

Halaber, Felipe VI.ak erakundeei "herritarren konfiantza handitzeko" eredugarri izateko egindako eskaera azpimarratu du, eta bat egin du "errespetua", "elkarrizketa" eta "elkarlanaren garrantzia" aipatzeko orduan.

Elkarrekin Podemos

Juantxo Lopez Uralde Elkarrekin Podemoseko kideak Felipe VI.aren mezua kritikatu, "emerituaren ustelkeriei" erreferentziarik egin ez ziolako "planeta osoan etika faltaren eta ustelkeriaren adibide izan arren".  

Hedabideei egindako adierazpenetan esan duenez, Felipe VI.ak "edukirik gabeko mezua" eman zuen, baina horrekin harrituta ez dagoela ere esan du, "monarkia bezalako erakunde ilun batengandik ezer gutxi espero dezakegulako".

Zentzu horretan, Felipe VI.ak "arazoak gainetik" aipatu zituela esan du, eta monarkiarekin gertatzen ari denari erreferentziarik egin ez ziola salatu du. "Zer gertatuko da Errege emerituaren ustelkeria kasuekin, horri ez dio erreferentziarik egin".

PP

Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko presidenteak, berriz, Felipe VI.ak egindako "Konstituziaren defentsa" nabarmendu du, eta zentzu horretan "egungo marko konstituzionala hautsi nahi dutenek porrot egingo dutela" ohartarazi du.

Iturgaizen hitzetan, "atzo erregearen mezu bikain bat entzun genuen berriro ere, Espainiako konstituzioaren aldekoa, hori baia espainiar guztiak bat eginda jarraitzeko eta gure nazioak dituen erronkei aurre egiteko bermea".

Zentzu horretan, "egungo marko konstituzionala hautsi eta gutxietsi nahi dutenek" huts egingo dutela azpimarratu du "erakunde demokratikoen sendotasunaren aurrean."

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PSOE Espainiako Felipe VI.a EH Bildu Euskadiko PP Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Euskadiko Podemos-eko albisteak