Politika -
Hauteskunde autonomikoak
Patxi Lopez: 'Gobernu nazionalista bat izateak sesioa ekarriko luke'
Lehendakariaren arabera, gobernu abertzale batekin independentziaren apustua berreskuratuko litzateke berriro, eta bere ustez, "hori ez da euskaldunek behar duten eztabaida".
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariaren ustez, gobernu abertzale baten itzulerak "iraganeko borrokara eta etengabeko sesiora itzultzea ekarriko luke". Bere ustez, independentziaren apustua berreskuratuko litzateke eta "hori ez da euskaldunek behar duten eztabaida".
Europa Pressek antolatutako ekitaldi batean, sozialistek gobernatu duten hiru urteetan euskal politikaren "agendan" aldaketak izan direla azpimarratu du eta Gobernuaren lehentasunak "herritarren lehentasunetan" ezarri direla azaldu du, "ekonomian, enpleguan, hezkuntzan eta osasun arloan".
Lehendakariak bere legealdia terrorismoaren amaierarena izan dela adierazi du, baina baita herritarren askatasunarena ere. "Legealdia ETArekin hasi genuen eta ekintza terroristarik gabe amaituko dugu. Horregatik bakarrik merezi izan du Eusko Jaurlaritzan egoteak. Orain ETA behin betiko desagertzeko eta adiskidetzea lortzeko adostasunaren aldeko lana egin behar da", erantsi du Patxi Lopezek.
Hala, guztien adostasuna lortzeko bide horretan, Gobernu abertzale berri batek Juan Jose Ibarretxeren garaietara itzultzea ekarriko lukeela azpimarratu du lehendakariak, "geure energia guztia xahutzen zuen giro asaldatura", esan du. "Hori guztia aldatu egin da, Euskadi lasaiago, anitzago eta askeago batean bizi gara", horren hitzetan.
Bakerako eta elkarbizitzarako foroa
Bestalde, "gaurtik ostegunera bitartean" bakerako eta elkarbizitzarako batzorde txostengile bat osatzeko akordioa lortuko dela uste du Patxi Lopezek.
Lehendakariak azpimarratu duenez, foro horren helburua "ez da Batasunaren agenda politikoa markatzea, edota Batasunari protagonismoa ematea, PPk salatu duen bezala".
Xedea, hain justu, demokraten artean "ibilbide horretan" zer egin adostea dela adierazi du. "ETA garaitu dugu, baina ezker abertzaleak politikoki borroka irabaz diezaguke eta ez genuke utzi behar", erantsi du.
Biktimak eta presoak
Bestalde, terrorismoaren biktimek, euren senideekin lotutako erabaki judizialen aurrean, zaintza-epaileari helegitea jarri ahal izateko aukera emateko Barne Ministerioak egin duen proposamenaren inguruan galdetuta, ETAren biktimek ez dezatela euren burua "politika jakin batzuen zentsore" izendatu eskatu du lehendakariak.
Halaber, "demokraziaren bideari ekin eta indarkeria baztertzen duten presoak edota gaixorik dauden presoak " hurbiltzearen alde egin du, "Legeak ezartzen du hori, birgizarteratzearen bidearen alde egiten dutenentzat hirugarren gradu modukoak egon litezke". "Espetxe politikaren helburua birgizarteratzea dela jasotzen duen Legea eta Konstituzioa bete behar dira", erantsi du.
Melchor Gilen ustezko irregulartasunak
Melchor Gil PSE-EEko Bizkaiko idazkariordeak Ogasunak egozten dizkion ustezko irregulartasunen inguruan Fiskaltzaren aurrean dagoeneko azalpenak eman dituela adierazi du Patxi Lopezek eta arazoa "ahalik eta azkarren" ebaztea espero duela gaineratu du.
Antonio Basagoiti EAEko popularren presidenteak lehendakariaren koinatuaren inguruan egindako adierazpenei erantzun nahi izan die hala Lopezek. Basagoitik, asteburuan zera adierazi du: 'Gilek egindakoa nire taldeko inork egingo balu, kalera botako nuke'