Politika -
ETA-REN BIKTIMA
Jose Ignacio Iruretagoyenaren semeak Casadori: "Utzi gure sufrimenduarekin politika egiteari"
"Eskertzen dizut nire aitarekin gogoratu izana, baina, mesedez, utzi gure sufrimenduarekin politika egiteari", idatzi du Mikel Iruretagoyenak Twitterreko bere kontuan.
EITB Media
Mikel Iruretagoyenak, ETAk duela 24 urte hildako Jose Ignacio Iruretagoyenaren semeak, biktimen sufrimenduarekin politika egiteari uzteko eskatu dio Pablo Casado PPko presidenteari.
Asteburuan Pablo Casadok Twitterren zabaldutako bideo bati erantzun dio horrela Mikel Iruretagoyenak. PPko presidenteak larunbatean Sarek deituta Euskal Herriko herri eta hirietan egin ziren mobilizazioak gogoan hartuta bideo bat eskegi zuen Twitterren duen kontuan, eta, besteak beste, Jose Ignacio Iruretagoyena izan zuen gogoan.
Jose Ignacio Iruretagoyena zenaren semeak beste biktima batzuen babesa jaso du sareetan, Maria Jauregirena eta Consuelo Ordoñezena, kasu.
Maria Jauregik, esaterako, besarkada handi bat bidali dio.
Jose Ignacio Iruretagoyenaren hilketaren urteurrenarekin bat eginez, Consuelo Ordoñezek mezu sorta argitaratu zuen atzo Twitterren. Bere babesa adierazi zion, eta, gainera, bat egin zuen biktimen sufrimenduarekin politika egiteari uzteko eskaerarekin.
Euskadiko PPk Jose Ignacio Iruretagoyena Zarauzko zinegotzia zena gogoratu du gaur Zarautzen.
Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko presidentea buru zela, popularrek ekitaldia egin dute Zarauzko biktimen monumentuan, Arrosategi parkean, lore eskaintza eginez haren omenez.
Jose Ignacio Iruretagoyena 1998ko urtarrilaren 9an hil zuen ETAk, haren ibilgailuan jarritako bonba bat zartarazita.
Iturgaizek salatu du EAJk eta PSEk ezker abertzaleari laguntzen diotela
Carlos Iturgaiz EAEko PPko presidenteak salatu du EAJk eta PSOEk ezker abertzaleari laguntzen diotela, "haiek antolatutako manifestazioetara ez doazen arren" (larunbatean Sarek deitutako mobilizazioak izan ditu gogoan). "Bulegoetatik laguntzen ari dira, ezker abertzalearen aginduak aurrera atera daitezen", adierazi du.
Zarautzen egin duen agerraldian, PPko buruzagiak gaineratu du Iruretagoyenaren hilketa ez ezik, beste gertakari bat ere izan dutela gogoan gaurkoan: "ETA talde kriminal eta terrorista PPren Euskadiko buruzagitza guztia hiltzen saiatu zen duela 21 urte".
Ildo horretan, azpimarratu du garai hartan "Euskadin PPko, PSOEko eta beste sektore batzuetako (kazetariak, epaileak, guardia zibilak, ertzainak, poliziak, militarrak eta, oro har, errugabeak) agintarien aurka" heriotza zigorra zegoela ezarrita.