Politika -

Indar politiko berria

Feministas al Congreso jaio da, agenda feminista garatu eta "emakumeen kontrako gehiegikeriekin bukatzeko"

Gaur aurkeztuko dute alderdia, eta hauteskunde orokorretan lehiatuko da. "Erakundeetara iristen ez bagara, kexatu eta protestatu besterik ez dugu egingo", argudiatu du Pilar Aguilar alderdiko presidenteak.

Martxoaren 8ko protesta bat. Artxiboko argazkia: EFE
Martxoaren 8ko protesta bat.
Martxoaren 8ko protesta bat. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indar politiko berria aurkeztuko dute gaur: Feministas al Congreso (FAC). Pilar Aguilar alderdiko presidenteak azaldu duenez, alderdiak hainbat helburu ditu: agenda feminista garatzea, "emakumeen kontrako gehiegikeriekin bukatzeko politikak martxan jartzea" eta "pobreziaren feminizazioari neurri eraginkor eta zehatzekin aurre egitea", besteak beste.

Espainian egitekoak diren hurrengo hauteskunde orokorretan lehiatuko direla iragarri du, gainera. Horren hitzetan, "erakundeetara iristen ez bagara, kexatu eta protestatu besterik ez dugu egingo, eta ez dugu boterea duten mekanismoetan eragingo", argudiatu du EFE albiste agentziari eskainitako elkarrizketa batean.

Aguilarrekin batera, honakoek osatzen dute alderdi berriaren zuzendaritza: Fatima Arranz Madrilgo Universidad Complutenseko Soziologia irakaslea presidenteordea izango da; Puri Lietor psikologoa, idazkari nagusi; Juana Gallego Bartzelonako unibertsitate autonomoko irakaslea, idazkariorde lehena; eta Sandra Moreno Zuzenbidean doktorea, idazkariorde bigarrena.

Aguilarren hitzetan, alderdia osatu dutenetik "afiliazio eskaera asko" jaso dituzte, eta "2.000 emakume eta gizon atxiki" zaizkie. Azken horiei buruz esan dutenez, gizonek ez dute inoiz alderdia zuzenduko. "Gizonak feminista izan daitezke, ez diegu sarbidea ukatuko (...) Gizonek zuzentzen dituzte egungo alderdiak, eta emakumeak jartzen dituzte leku estrategikoetan kontrolari eusteko", azaldu du.

Feminismo alorrean Espainiako Gobernuak eta, zehazki, Berdintasun Ministerioak egindako lanaz galdetuta, irmo mintzatu da Aguilar: "Berdintasun Ministerioak ez du ezertxo ere egin. Irmotasuna behar dugu, ez txioak. Presioa eginez eta gainerako ministerioekin akordioak lortuz hobetuko luke emakumeen bizimodua, baina ez da egiten ari".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Indarkeria matxista Espainiako hauteskunde orokorrak gaur Espainia Alderdi politikoak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Sexu erasoak