Politika -

RADIO EUSKADI

Jaurlaritzak ez du baztertzen egungo murrizketak hilaren 28tik aurrera ere luzatzea

EAEn ezarrita dauden neurri murriztaileak berrikusteko astebete falta denean, Bingen Zupiria Jaurlaritzako eledunak zehaztu du oraingoz ez dagoela LABI instituzionalaren bilerarik deituta datorren asterako.

Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media.
Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media.
Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media.

E.G. - I.A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ez du baztertu koronabirusaren aurka egun Euskadin indarrean dauden neurriak urtarrilaren 28tik aurrera ere luzatzea, eta gaineratu du erabakia Osasun Saileko arduradunen eta adituen proposamenen araberakoa izango dela.

"Boulevard" Radio Euskadiko saioan egindako elkarrizketa batean, Zupiriak zehaztu du oraindik ere ez dagoela deituta LABIren bilera. Oraingoz, une honetako murrizketak urtarrilaren 28ra arte egongo dira indarrean.

Jaurlaritzako eledunak nazioarteko testuingurua ere kontuan hartzeko deia egin du, eta gogorarazi du hainbat herrialdetan ekitaldi kultural jendetsuak bertan behera utzi dituztela.

Zupiriak azaldu duenez, osasun larrialdi egoera deitu zenean 50 pertsona zeuden EAEko ZIUetan, eta egun 100dik gora daude. Era berean, positibitate tasa % 30etik gorakoa da, egokiena gehienez % 5ekoa izatea denean. Hori bai, azken egunetan datuek hobera egin dutela aitortu du.

Bestalde, Osakidetzako sindikatuek egindako kritikei erantzun die. Indar sindikalen arabera, 4.000 osasun langile kaleratu dituzte azken hilabeteotan. Sailburuak bestelakoa uste du: "Osakidetzan inoiz baino pertsona gehiago daude lanean".

Azaldu duenez, Gabonetan behargin askok oporrak zituzten, eta beraz, "kontratazioak egin behar izan ditugu ordezkatzeko (...) behargin horiek lanean daude", azpimarratu du. 

Covid-19aren seigarren olatua izaten ari den bilakaeraren aurrean, "baikor" baina "zuhur" agertu da Zupiria. Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan,  Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua ere badenak azpimarratu du pandemiaren adierazleak "oraindik, oso kezkagarriak" direla, eta egoera egonkortze bidean dela dirudien arren, ez du aurreratu neurriak bertan behera uzteko asmoa duten edo ez. "Ez dezagun ahaztu, adibidez, azken neurriak ezarri zirenean ZIUetan zegoen egoera nabarmen okertu dela. Bikoiztu egin da bertan dagoen gaixoen kopurua", zehaztu du.

Covid ziurtagiriaren derrigortasunak izan dituen ondorioak aztertu dituzten galdetuta, Zupiriak azaldu duen bakarra da "txertatuen kopuruak" gora egin duela. "Gauza bakarra esan dezaket: hainbat espaziotara sartzeko covid pasaportea ezartzea erabaki zenetik, txertoa hartu dutenen kopurua hazi egin da", argitu du.

Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren eskualdatzearen inguruan piztutako polemikaz ere aritu da sailburua. Horren hitzetan, "PSOEk eta EAJk itxitako akordioa" egikaritzea dagokio Jaurlaritzari, eta "horretan ari gara".  "Espainiako Gobernua bera izan zen transferentzia-egutegia ezarri zuena, eta orain Gobernua bera da egutegia betetzen ari ez dena", argitu du. Zentzu horretan, PSEren eta EAJren iritzia berdina dela argitu du: "eskualdatzeak behin betikoa izan behar du".

Bestalde, Mikel Antza ETAko kide ohia Gregorio Ordoñezen hilketagatik ez inputatzea eskatzeko, Euskal Herriko 126 idazle eta editorek kaleratu duten adierazpenaren inguruan  esan du "hainbat pertsona eta ekintza zuritzeko" ahalegina ikusten ari garela azkenaldian, eta hor kokatu du Rodolfo Martin Villa Espainiako ministro frankista ohiak 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako sarraskiaren inguruan egin dituen adierazpenak ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Araba Eguneko albisteak Eguneko albisteak Txertoak COVID kasuak