Politika -
Arantzazuko Martxan
Munillak 'damua' eskatu du indarkeriaren amaieran laguntzeko
Arantzazuko Martxari amaiera emateko otoitz ekitaldian Donostiako gotzainak ohartarazi duenez, "baliteke, barkamenik gabe, ETAren amaiera elkarbizitzarako egokia den urrats bat besterik ez izatea".
Erredakzioa
Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak "umiltasun eta damu" jarrerak eskatu ditu larunbat honetan, terrorismoaren amaieran lagungarriak izango direnak, bestela, "litekeena da, barkamenik gabe, ETAren amaiera elkarbizitzarako egokia den urrats bat besterik ez izatea".
"Ondorioz, litekeena da gorrotoa indarkeriaren amaieraz haratago mantentzea", esan du gotzainak Arantzazuko Martxari amaiera emateko otoitz-ekitaldian.
Munillak azpimarratu duenez, "egindako minaren aitorpena jazoera historikoaren aitorpen bat besterik ez da". "Hori dela eta", gaineratu du, "beste pauso bat eman behar da, egindako minaren balorazio etikoari beldurra izan gabe, indarkeriaren amaiera baino garrantzitsuagoa bihotzetan aldaketa bat ematea delako".
Munillaren esanetan, ETAren iragarpenak sustatu dituen aukerak "itxaropentsu" ari da Eliza begiratzen. Gainera, "bakeari buruzko eztabaida politikoa zentzuzko distantzia batetik jarraitzen ari da, Elizak jakin badakielako aniztasun politikoaren esparruan partehartzerik ez duela".
Munillak joan den astelehenean esan zuen bezala oraingoan ere zera nabarmendu du: "ez da beharrezkoa kristaua izatea damutzeko eta barkamena eskatzeko, gizatasunari datxekion ezaugarriak direlako eta ongiaren eta gaitzaren artean desberdintzen duten gizonezko eta emakumezko guziontzako beharrezkoak direlako".