Politika -
Bakearen lantaldea
PSE: 'Ezker abertzalea datorren legegintzaldian gehitu daiteke'
Lantaldea "irekia" dela berretsi du Jose Antonio Pastorrek eta Aralarren sortu den zatiketagatik penatu da.
Erredakzioa
Legebiltzarrean onartu den Bakeari eta Elkarbizitzari buruzko lantaldean, soilik, legebiltzarkideak egon daitezkela esan du Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak, eta ezker abertzalea, segururenik, datorren legegintzaldian gehitu ahal izango dela gaineratu du.
Lantaldea "irekia" dela berretsi du "demokraziarekin bat egiteko hainbesteko denbora behar izan ez balute, seguruenik, Legebiltzarrean eta lantaldean egongo lirateke", esan die ezker abertzaleko kideei.
Lantaldearen garrantzia azpimarratu du Bilbon egin duen agerraldian. Lehendakariak joan den martxoaren 8an aurkeztu zuen bidai orriaren hasiera dela adierazi du, eta "ibilbide luzea" izango duela uste du, "egungo legegintzalditik haratago joango da, Terrorismoaren Biktimen Legearekin gertatu zen bezala".
Bestetik, akordioak "Aralarren zatiketa" eragin izana sentitzen duela esan du. Ezker abertzaleak, dagoeneko, esan du gonbidatuta ere ez dela lantaldera joango, "denen parte-hartze bera ez dagoelako bermatuta, eta bazterketan oinarrituta dagoelako". Honen harira, Pastorrek gogoratu du soilik legebiltzarkideak egon daitezkela.
Osasunari buruzko jardunaldien amaiera ekitaldian, 2012rako aurrekontuak ere aipatu ditu Pastorrek. "Beldurra eta hotzikara ematen dute", adierazi du.