Politika -
Auzitegi Nazionala
Deklaratzera deitu dute Iñaki Gracia ETAko buruzagi ohia, Gregorio Ordoñezen hilketarekin lotura duelakoan
Ikertu gisa deklaratuko du, otsailaren 24an, hilketa terrorista delitua egotzi baitiote. Bideodei bidez hartuko diote hitza, Donostiako epaitegietatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñaki Gracia Arregi ETAko buruzagi ohia deklaratzera deitu du Alejandro Abascal Auzitegi Nazionaleko epaileak, PPko zinegotzi Gregorio Ordoñezen hilketarekin zerikusia duelakoan. 1995eko urtarrilaren 23an hil zuten Gregorio Ordoñez, Donostian, eta hilketa horren egile intelektuala izatea leporatu diote.
Abenduan Mikel Albisuk deklaratu eta hilketa horrekin loturarik ez zuela adierazi ostean, datorren otsailaren 24an Gracia Arregiren txanda izango da. Ikertu gisa deklaratuko du, hilketa terrorista delitua egotzi diotelako. Bideodei bidez hartuko diote hitza, Donostiako epaitegietatik.
"Gregorio Ordoñez hiltzeko erabakian parte hartu zuelako" deklaratu beharko du, epailearen hitzetan.
"ETAko zuzendaritzaren parte zen garai hartan, alegia, Gregorio Ordoñez hil zutenean", erantsi du. Frantziako Estatutik "kanporatu" zutenetik, 45 egunez Estatu espainiarrean egon da, berak hala erabakita.
Hortaz, "egokitzat" jo du deklarazioa epaileak. Halaber, ikerketa sei hilabetez, uztailaren 29ra arte, luzatzea adostu du.