Politika -
Elkarrizketa ETBn
Zabaletak Ezenarrorekin hitz egingo du gaur egoera zuzentzen saiatzeko
Aralarren idazkari nagusiak uste du elkarrizketaren bidez egoera konpon dezaketela eta hiru legebiltzarkideen kanporatzea saihestu.
Erredakzioa
Patxi Zabaleta Aralarren idazkari nagusiak Aintzane Ezenarro Aralarren Eusko Legebiltzarreko bozeramailearekin hitz egingo du gaur alderdi barruko egoera zuzentzen saiatzeko.
Iragan astean Legebiltzarrean bake eta elkarbizitzarako lantaldea osatzearen alde bozkatu zuten Ezenarrok eta beste bi legebiltzarkidek alderdiaren aginduari muzin eginez, eta Aralarren zuzendaritzak karguak alderdiaren esku uzteko eskatu zien.
Zabaletak, horren aurrean, elkarrizketaren bidez egoera konpondu eta hiru legebiltzarkideen kanporatzea saihestu dezaketela uste du.
ETBn egindako elkarrizketa batean Zabaletak gogora ekarri duenez, Aralarren erabakia, lantaldearen kontra bozkatzearena, aho batez hartu zuen alderdiko zuzendaritzak.
Hori dela eta, "iritziak trukatu" nahi omen ditu Aintzane Ezenarrorekin. Alderdiaren aginduari muzin egin zioten beste bi legebiltzarkideak Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe dira; Dani Maeztu laugarren legebiltzarkideak, ordea, alderdiaren nahia bete zuen.
Zabaletak esan du legebiltzarkideen karguak alderdiaren esku uzteko eskaria "gaiaren inguruan elkarrizketa abiatzeko formula" dela. "Alderdiaren barruan ere hitz egin behar dugu, baina gure jarrera oso argia da", gaineratu du.
Zabaletaren arabera, "tartea dago, elkarrizketaren eta akordioaren bitartez" legebiltzarkide horiek alderdia utzi behar ez izateko, "Dani Maeztuk argi adierazi zuen hori".