Politika -
Kaleko indarkeria
Zigor Kodea gogortzeko epeak zehaztuta ditu Gobernuak
Bandalismoari aurre egiteko Zigor Kodearen aldaketa uda baino lehen onartuko du Gobernuak eta urtea amaitu orduko indarrean egotea nahi du.
Erredakzioa
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak baieztatu duenez, Espainiako Gobernuak zehaztuta dauzka kaleko erasoei aurre egiteko Zigor Kodea aldatzeko urratsak.
Araudi berria udarako Ministroen Kontseiluan onartuta egongo dela iragarri du, eta uda ostean Parlamentuko tramitazioari ekingo diote, urtea amaitu orduko Zigor Kode berria indarrean egon dadin.
Zigor Kodearen erroformarekin, kaleko istiluetan parte hartzeagatik ezarritako gutxieneko kartzela-zigorra bi urtekoa izango da, fiskalek behin-behineko espetxealdia eskatu ahalko dute eta epaileek eskaera horiek onartu ahal izango dituzte. Gauzak horrela, eta arau berria dagoeneko indarrean egongo balitz, joan den asteko greba orokorrean Bartzelonan izan ziren istiluak 'kale borroka'rekin pare egongo lirateke. Barne eta Justizia ministerioak Zigor Kodea aldatzeko elkarlanean ari dira, baina M-29an izan ziren istiluen ondotik prozesua azkartu egin dute.
Fernandez Diazek azpimarratu du Espainia ez dela horrelako neurriak hartu dituen herrialde bakarra, eta Frantziak edota Erresuma Batuak ere Zigor Kode zorrotzak dituztela zehaztu du.