Politika -

Jose Antonio Rodriguez Ranz

"Urraketak azaleratzeak ez du esan nahi bat egiten dugunik segurtasun indarren jokabideekin"

Jose Antonio Rodriguez Ranz Eusko Jaurlaritzaren Memoria eta Giza Eskubide sailburuordeak Estatuko segurtasun indarretako kideek eta haien senitartekoek jasandako injustiziari buruz aurkeztu berri duten txostenak sortutako polemikari erantzun dio.

Rodriguez Ranz, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzarako sailburuordea. Argazkia: Euskadi Irratia
Jose Antonio Rodriguez Ranz, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzarako sailburuordea
Rodriguez Ranz, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzarako sailburuordea. Argazkia: Euskadi Irratia

play icon 22:49

Onintza Aiestaran | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatuko segurtasun indarretako kideek eta haien senitartekoek jasandako injustiziari buruzko txostena hizpide izan du gaur goizean Jose Antonio Rodriguez Ranz, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzarako sailburuordeak. Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan azpimarratu duenez, fokoa jarri nahi izan da giza eskubideen kontrako urraketak eta horiek sortutako sufrimendua azaleratzean, baina horrek ez du esan nahi Eusko Jaurlaritzak bat egiten duenik kolektibo horien jokabideekin.

Eusko Jaurlaritzak duela gutxi aurkeztu du Estatuko segurtasun indarretako kideek eta haien senitartekoek jasandako injustiziari buruz Pedro Arrupe Institutuak egindako txostena. Alde kuantitatiboan dio ETAk 357 pertsona hil zituela, guardia zibilak gehienak, baina baita poliziak eta horien senitartekoak (17 pertsona, horietatik 13 adin txikikoak) ere. Alde kuantitatiboan, biktimen bakartasuna eta abandonua azpimarratzen ditu. Aipaturiko dokumentuak ez ditu bereizten, frankismoa, trantsizioa eta trantsizio ondorengo epea.

Rodriguez Ranzek Kolonbiako gatazkaz ere hitz egin du. Izan ere, berriki itzuli da Eusko Legebiltzarreko talde politiko guztietako ordezkariekin batera Hego Ameriketako herrialdera egin duen bidaiatik. Kolonbiako egoera oso zaila dela eta herrialdearen baitan bi Kolonbia daudela azaldu du: hiriburua eta beste lurralde guztia. Bogota ez den gainerako lurraldean ez dagoela estaturik eta indarkeriak eta kokainak agintzen dutela esan du. Horren ondorioz, bertako herri indigenak, herri afro-amerikarrak eta nekazal herriak arrisku bizian daudela ohartarazi du. Besteak beste, mehatxuak edota heriotzak aipatu ditu.

Bestalde, Kolonbiako bake akordioa blokeo egoeran dagoela nabarmendu du eta egungo Kolonbiako Gobernua egin du horren erantzule. Aurrera begira, hurrengo hauteskundeetan egun indarrean dagoen eskuineko alderdiak irabazten badu egoera ez dela desblokeatuko uste du. Dena dela, kolonbiarrek aipatu dioten esaldi bat ekarri du gogora: "soluzioa ez da asmatu behar, soluzioa bake akordioetan dago".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak ETA albisteak Gaurko titularrak Albisteak Euskadi Irratia Terrorismoaren Biktimen Azken Ordukoa Memoria Historikoa Eskubide unibertsalak