Politika -
Elkarrizketa
Jesus Egiguren: 'PPrekin dugun akordioa hautsi egin behar da'
Legebiltzarreko bakerako lantaldea eratu beharrean, "lehendakariarekin, EAJrekin, PPrekin eta ezker abertzaleak jarritako ordezkari batekin batzar politikoa egin beharko litzatekeela".
Erredakzioa
Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak uste du bere alderdiak PPrekin duen akordioa "hautsi" egin behar duela, bestela bi alderdiek "bozak galduko dituzte".
El Diario Vascon argitaratu den elkarrizketa batean, Arnaldo Otegiri Logroñoko espetxean egindako bisitaz ere mintzatu da.
"Aspaldian ikusi gabe nengoen eta espetxean dago, ez da batere atsegina. Laguna dut eta hainbat gairen inguruan hitz egin nahi nuen", esan du. Otegi "oso ongi" dagoela gaineratu du, "ni baino hobeto".
Ildo honetan, ez zaiola "baztertua izatea axola" esan du, "nire adinarekin autoritatea ez baitago karguaren baitan, jendearen errespetuan baizik". Bakegintzan, "irtenbidea PSE-EEren eta Batasunaren" esku dagoela esan du.
Legebiltzarreko bakerako lantaldea eratu beharrean, lehendakariarekin, Iñigo Urkullurekin (EAJ), Antonio Basagoitirekin (PP) eta ezker abertzaleak jarritako ordezkari batekin eratutako batzar politikoa egin beharko litzatekeela defendatu du.
Bere ustez, lehendakaria, bakegintzan, bide onetik doa, baina "orduko 50 kilometrora joan beharrean, 100era joan beharko litzateke". Espetxe politikaren inguruan, gai "zaila" dela adierazi du, "presoak hurbiltzea onena dela pentsatzen dutelako denek, baina inork ez du hori egiteko gaitasunik".
Antonio Basagoitiri akordioa "hausteko" beharra helarazi diola esan du Egigurenek, "kalte egiten dielako", eta "negozioa egin eta bozak lortuko dituen bakarra EAJ izango dela uste du. Eusko Jaurlaritzaren erantzuna Jaurlaritzak Jesus Egigurenen adierazpeak "pertsonalak" direla esan du eta ez dutela horiekin bat egiten zehaztu du. Gainera, Gobernuaren politikak joan den martxoaren 8an Patxi Lopezek ezarritako printzipioak jarraitzen dituela esan du.
Basagoti: "Zentzugabekeria da"
Antonio Basagoiti EAEko PPren buruak "zentzugabekeria hutsa" dela uste du EAJren, PSEren, PPren eta Batasunaren ateko batzar bat eratzea, eta Egiguren "batasunoak sortzeko makina" bat dela adierazi du, PPren eta sozialisten arteko akordioa hausteko proposamenekin.
"Nahastuta dago. Sozialistek euren alderdiko buruzagi batzuen adierazpenengatik galduko dituzte botoak, horien artean, bere hitzengatik", esan du.