Politika -

Independentistak Sarea

Iruñeko Aberri Eguna: 'Bagoaz Espainiatik eta Frantziatik'

Ospakizuna 12:20ean hasi dute martxa batekin. Ikurriña handi batek eta 'Independentzia' zioen pankarta batek ireki dute manifestazioa.

Milaka pertsona bildu ditu Independentistak Sareak antolatutako ekitaldiak. EITB.
Milaka pertsona bildu ditu Independentistak Sareak antolatutako ekitaldiak.
Alderdi ezkertiar eta abertzaleek independentzia aldarrikatu dute Iruñean

01:11

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Bagoaz Espainia eta Frantziatik. Ez digute inoiz galdetu bertan egon nahi dugun ala ez. Erabakiari sendo eutsita goaz, egin dezakegun gauzarik onena dela jakinda, eta egin behar duguna dela garbi ikusita", iragarri du Txutxi Ariznabarreta Independentistak Sareko kideak.

Aurretik ziurtatu egin du Estatu barik ez dagoela Euskal Herriarentzako etorkizunik, eta Espainiak eta Frantziak Euskal Herriari kalte baino ez diotela egiten, "euren inposizio, intolerantzia eta immobilismoarekin": "Gure ekonomia, kultura, hizkuntza, bizitza soziala, baliabide naturalak... sustzitzen dituzte".

Adierazpenok manifestazioaren amaiera egindako ekitaldi politikoan egin ditu. Martxa 12:20ean atera da Iruñeko Golem zineetatik. Bertan 30.000 pertsona bildu dira antolatzaileen arabera, eta 12.000 Poliziaren arabera.

Independentzia eta presoak

Martxaren buruan ikurriña handi bat eta 'Independentzia' leloa idatzita zeraman pancarta zihoan. Ibilbide osoan, manifestariek bandera berdeak eta ikurriñak eraman dituzte eta independetziaren eta presoen askatzearen aldeko oihuak egin dituzte.

Manifestazioan eta ondorengo ekitalde politikoan egon dira, besteak beste, Pello Urizar EAko idazkari nagusia, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzailea, Martin Garitano (Bildu) Gipuzkoako ahaldun nagusia, eta Rufi Etxeberria, Joseba Permach eta Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak.

"Independentzia komeni zaigu"

Manifestazioaren burua 13:30ean iritsi da Sarasateko Pasealekura, eta bertan egin dute ekitaldi politikoa. Han oroitu dituzte zenabit ekitaldi garrantzitsu: "Nafarroaren konkista, 1512an", eta Gernikako bonbardaketa. Gertaera horien bitartez "inposizioa" salatu eta independentzia exijitu dute.

"Independentzia komeni zaigu, independentziarekin Euskal Herria garaile ateratzen da. Askatasuna, subiranotasuna, demokrazia eta euskal errepublika irabazten ditu; errepublika demokratikoa eta aurreratua, justizia sozialean oinarritutakoa, munduko herri guztiekin solidarioa den Euskal Herria", esan die Ariznabarretak entzuleei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea