Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Estebanek esan du eskuin muturra hor egon dela "beti", eta Rufianek Voxen igoerari buruzko gogoeta eskatu du
Radio Euskadiko "Ganbara" saioan, Aitor Estebanek (EAJ) eta Gabriel Rufianek (ERC) egoera politikoa aztertu, eta eskuin muturra Estatuan izaten ari den gorakadari buruz duten iritzia eman dute.
GAIZKA PALACIOS AGIRRE | EITB MEDIA
Radio Euskadiko "Ganbara" saioan egindako elkarrizketa batean, Aitor Esteban eta Gabriel Rufian EAJko eta ERCko Kongresuko bozeramaileek, hurrenez hurren, ohartarazi dute muturreko eskuina Estatuan gora egiten ari dela erakusten dutela Gaztela eta Leongo hauteskundeetako emaitzek.
Ildo horretan, Estebanek azpimarratu du ultraeskuindarrak "beti" egon direla "hor", eta Rufianek erantsi du hausnarketa bat egin behar dela ulertzeko "zergatik bozkatzen duen jendeak bere interesen kontra bere printzipioen alde egiten ari dela pentsatuz".
EAJko diputatuak deitoratu du PP eta PSOE "tronu jokoan" ari direla "autonomia erkidegoen kontura" Estatuan boterea eskuratzeko.
"Murtzian hasi ziren eta orain Gaztela eta Leonen izan da, baina kanpainako gaiek agerian utzi dute ez zaiela tokian tokiko erkidegoa interesatzen eta oposizioa edo Espainiako Gobernua ahultzea bilatzen dutela", adierazi du.
"Uste dut politikarentzat berri txarra dela Gaztela eta Leongo hauteskundeetan ETAri, behiei, txuletei, ERCri, CUPi, EH Bilduri edo EAJri buruz hitz egitea, eta okerragoa da horrekin etekin elektoralak izatea", gaineratu du Rufianek.
"Pablo Casado behi batzuen aurrean Voxen papera egiten ikusten badugu, Voxek irentsi egingo duela badakielako da. Nahiago nuke emaitzak beste batzuk izan balira eta horrelako politikagintza sarituko ez balitz", esan du buruzagi errepublikazaleak.
Eskuin muturraren gorakadari dagokionez, Estebanek kritikatu du PPri eta PSOEri "Espainiako Gobernua eskuratzea edo bertan mantentzea" soilik interesatzen zaiela, "eta horrek zatiketa, Voxen babesa handitzea eta ultraeskuindarren irudia zuritzea eragiten du". "Onartezina da. Suarekin jolasean dabiltza", ohartarazi du.
Rufianek erantsi du muturreko eskuinaren diskurtso "xenofoboak eta matxistak" nahiz "kolektibo ahulenen kontrako erasoak modan" daudela eta "langile klasean ere" barneratzea lortzen dutela.
Fenomeno horren aurrean, ezinbestekotzat jo du ezkerreko alderdiek eta, oro har, alderdi demokratiko guztiek hausnarketa sakon bat egitea, eta gogoetarako galdera bat ere egin du: "Nola da posible hainbeste pertsonak beren interesen kontra bozkatzea beren printzipioen alde egiten ari direla pentsatuz?".
Estebanen iritzian, Vox "haserre dagoen jendearen botoa" beraganatzen ari da, eta "lehen lerroan ez egoeta" eta "komunikabideek ematen dioten oihartzuna" baliatzen ditu horretarako.
Edonola ere, "kontuan izan behar dugu 40 urteko diktadura ez zela berez sortu eta bere ondorioak izan zituela", adierazi du. "Espainiako soziologian badago nazionalismo zaharkitu bat iragana faltan botatzen duena. Trantsizioan eta politikaren lehen urteetan bigarren maila batean egon ziren, baina beti egon dira hor eta orain azalera ateratzen hasi dira", nabarmendu du diputatu jeltzaleak.