Politika -

Diputatuen Kongresua

Marlaskak ukatu egin du Sarerekin elkarrizketa "klandestinoak" egin izana

"Gezurrak" zabaltzea leporatu die Barne ministroak PPri eta Voxi. Bestalde, Sarek salatu egin du alderdi eta erakundeekin elkarrizketa "normala kriminalizatzea", elkarrizketaren helburua "benetako bakea eta elkarbizitza lortzea" izan arren.

Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE
Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE
Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak ukatu egin du Sarerekin elkarrizketa "klandestinoak" egin izana, eta Guardia Zibilaren txostenaren inguruan "gezurrak" zabaltzea egotzi die PPri eta Voxi. Angel Luis Ortiz Espetxe idazkari nagusiarekin hartu-emana jasotzen du txostenak.

7/2014 legearen erreforma bidez presoek askatasuna azkarrago lortzeko egitasmorik ez dagoela nabarmendu du Marlaskak. Barne Ministerioak "ez du ezer ezkutatzeko", espetxe politikan "gardentasun osoz" ari delako hasieratik, gaineratu du.

Espetxeetako ordezkarien elkarrizketak preso kolektibo guztiekin etengabeak direla esan du Grande-Marlaskak Kongresuko kontrolerako saioan, baina horrek ez du legearen aplikazioa baldintzatzen.

Gainera, "Guardia Zibilaren txostenaren zein puntutan edo orrialdetan egiten zaion erreferentzia lege urraketari" esateko eskatu die Espainiako ministroak PPri eta Voxi.

Azken bi egunetan bezala, Guardia Zibilak Auzitegi Nazionalari igorritako txostena izan du hizpide Marlaskak. ETAko preso ohiei egindako harreren inguruko auzian, Joseba Azkarraga Sareko bozeramailearekin, Julen Arzuaga legebiltzarkidearekin eta Angel Luis Ortiz Espetxe idazkari nagusiarekin izandako elkarrizketak eta bilerak jasotzen ditu txostenak.

"Barne ministro honekin espetxe legea betetzen da", adierazi du ministroak. Legea "ez da negoziatu, ez da negoziatzen ari eta ez da negoziatuko", azpimarratu du.

Espetxe politikan "erabateko gardentasuna" dagoela esan du Marlaskak, presoak hurbiltzen direnean biktimen elkarteei jakinarazten diotelako. Gogorarazi duenez, Jose Maria Aznarren gobernuak ETAko 575 preso lekualdatu zituen, erakunde armatua oraindik aktibo zegoenean.

Erakundeekin elkarrizketa "normala" kriminalizatzea arbuiatu du Sarek

Bestalde, Sarek salatu egin du alderdiekin eta erakundeekin elkarrizketa "normala kriminalizatzea", elkarrizkearen helburua "benetako bake eta elkarbizitza lortzea" izan arren.

Dagoeneko "existitzen ez den ETA" batekin "akordioak" bilatzen ari direla zabaldu nahi izatea arbuiatu du sare herritarrak. Presoen eskubideen alde kalean mobilizazioak aktibatzeko lanean "guztiz normalak" diren harremanak eta kudeaketak direla defendatu du Sarek, "aldarrikapenak erakundeei, alderdiei, sindikatuei… helarazteko".

Azkenik, Sarek Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiaren "jazarpena" salatu du; izan ere, haren datu pertsonalak argitaratu dituzte txostenean, tartean telefono mugikorraren zenbakia, eta "mezuen eta deien bidez" mehatxuak eta irainak jasotzen ari dela salatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PP Espainiako Gobernua Espainia Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak Vox