Politika -

BARNE HAUTESKUNDEAK

EAko Biltzarrak ponentzia politikoa eta estatutuena onartu ditu eta aurrerantzean ez dira primarioak egingo

EAko Nazio Biltzarrak are gehiago azaleratu du bi sektoreen arteko haustura. Bi Kongresu egin dira, bat ofiziala eta bestea "alternatiboa". "Euren helburua ez zen Kongresuan parte hartzea, biktimak bezala agertzea baizik" dio zuzendaritzak.

Leire Pinedo, Europa Jauregiaren atean, bilera telematikoa dela azalduz. Argazkia: EITB Media
Leire Pinedo, Europa Jauregiaren atean, bilera telematikoa dela azalduz kritikoei.
Eusko Alkartasunako bi sektoreen arrakala agerian, kongresuaren hasieran

2:35

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken hilabeteetako adierazpen kritiko eta polemikekin jarraituz, gaur goizean agerian geratu da, berriz ere, EAko bi sektoreen artean dagoen banaketa. Eusko Alkartasunaren XIII. Nazio Biltzarra egiten ari dira asteburu honetan Gasteizen, idazkari berria aukeratzeko, eta "bi kongresu" eginez amaitu dute gaurko eguna. 133 lagunek hartu dute parte ofizialean, telematikoki, eta beste 116ek "alternatiboan", Gasteizko Alkartetxean. Ponentzia politikoa eta estatutuak onartu dira Nazio Biltzarrean, eta aurrerantzean ez dira primarioak egingo idazkari nagusia aukeratzeko. Kritikoek uste dute asteburu honetako Kongresua "zentzugabea" dela.

Goizean, sektore kritikoko 100 konpromisario baino gehiago Europa Jauregira hurbildu dira eta antolakuntzak ez diela presentzialki parte hartzen utzi salatu dute. Gaurkoa saio telematikoa dela gogorarazi die Biltzarraren antolakuntzak eta euren helburua ez zela parte hartzea, "biktimak bezala agertzea baizik" gaineratu dute zuzendaritzatik.

Sektore kritikoak ohar bidez azaldu duenez, aurreko asteartean idatzia erregistratu zuten kongresua modu presentzialean egiteko eskatuz. Batetik, "une honetan ez dagoelako pandemiagatik ezarritako mugarik"; eta bestetik, "EAk ez duelako partehartze telematikorako araudirik". Gainera, Nazio Biltzarraren Mahaian egoteko hautagaitza ere deuseztatu dietela salatu dute, "forma akatsak eta abal nahikorik ez izatea argudiatuz".

Konpromisario kritikoek notario aurrean jaso dute sektore ofizialaren "urraketa demokratiko berria", egungo zuzendaritza eta idazkari nagusia, Eba Blanco seinalatuz.

Gasteizera hurbildu dira, besteak beste, Maiorga Ramirez sektore kritikoaren burua eta Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia.

El exlehendakari Carlos Garaikoetxea y Maiorga Ramírez. Foto: EITB MEDIA

Europa Jauregitik Gasteizko alkartetxera joan dira kritikoak eta kongresu "paraleloa" egin dute bertan. Amaieran, Maiorga Ramirezek komunikabideen aurrean adierazi du"EAk herri honi egin diezaiokeen ekarpenik handiena alderdi gisa indartzea eta birdemokratizatzea" dela. EH Bildurekin koalizioan joatea ontzat eman du baina Eusko Alkartasunaren tokia ondo markatuta, bestela "identifikazio okerrak" eman baitaitezke, EH Bildu soilik ezer abertzalearekin identifikatzea, alegia. EAk EH Bilduren baitan izan behar duen papera da, hain zuzen ere, bi sektoreak gehien urruntzen dituen gaietako bat.

Eba Blanco: "Oker daude ez parte hartzearekin Kongresu honen zilegitasuna murrizten dutela pentsatzen badute"

EAko sektore ofizialak uste du sektore kritikoak "nahita" ez dituela bete Biltzarreko Mahairako hautagaitza aurkezteko baldintzak, "euren helburua ez baitzen parte hartzea, biktimak bezala agertzea baizik" dio zuzendaritzak, eguerdian kaleratutako oharrean. Hautagaitza guztiek gutxienez 25 konpromisarioren abala behar dutela azaldu dute eta kritikoen hautagaitzak ez zituela 25 abal.

Sektore kritikoak argudiatu du ez zaiela konpromisarioen zerrenda eman eta horregatik ez dituztela 25 abalak lortu, baina Kongresuan bertan, antolakuntzak esan die konpromisarioen zerrenda alkartetxe guztietan zegoela, eskura. Horregatik, azkenean, "baldintzak betetzen zituen hautagaitza bakarrarekin osatu da Nazio Biltzarrerako Mahaia" azaldu dute.

Eba Blanco idazkari nagusiak adierazi duenez, "konpromisario gehienok ( 249tik 133) normaltasun osoz parte hartzen ari gara Kongresuan, ponentzia politikoa eta estatutuena eztabaidatzen ari gara" eta "desadostasunak eta barne gatazkak eztabaida demokratikoaren bitartez konpondu eta gainditzen direla" gaineratu du: "Hemen gaudenok oso argi dugu Kongresu honetan afiliatu guzti-guztiok gehiengoaren borondatea, bata ala bestea izan, errespetatu eta onartu behar dugula".

"Zoritxarrez, konpromisario batzuek Kongresuan parte hartzeko duten eskubideari eta euren proposamenak defendatzeari uko egin diote. Oker daude erabaki horrekin Kongresu honen zilegitasuna murrizten dutela pentsatzen badute. Eztabaida bera ere ukatzen dutenak dira zilegitasun demokratikoa galtzen dutenak. Eurenideiak konfrontatzeari uko egiten diotenak dira zilegitasun demokratikoa galtzen dutenak, azken batean gauza bat bakarrik erakusten ari direlako: ez dira kapazakgehiengoaren borondatea onartzeko, haien tesiak irabazle ateratzen ez badira. Osoko zuzenketa aurkeztu zuten, baina beronen defentsa egiteari uko egin diote.Hala ere, bozkatu dugu, eta ez da onartu besteak beste EAk EH Bildurekin koalizio soil gisa izatea harremana. Ezin digute leporatu parte hartu ezin izan dutenik; parte hartzeko arauak argiak dira guztiontzat; Mahaikide izateko abalak aurkeztu behar dira. Eta parte hartzea telematikoa da. Nahita arauak betetzen ez dituenak, nahita ez du Kongresu honetan parte hartu nahi" amaitu du.

Ponentzia politikoa eta estutuak, onartuta

Biltzar nazionalean telematikoki parte hartu duten konpromisarioek hurrengo lau urteetarako araudia eta zuzendaritza politikoak planteatutako ibilbidea babestea erabaki dute. Bozka eskubidea zuten 249 konpromisariotatik 131k Estatutuen ponentziaren aldeko botoa eman dute eta 2 abstenitu egin dira. Ponentzia politikoa, berriz, 131 kidek baieztatu dute eta 2 abstenitu egin dira.

Zaintza erdigunean jartzea, politika publikoen aldeko apustua egitea eta EH Bildutik eragiten jarraitzea onartu dute ponentzia politikoari dagokionez.

Estatutuei dagokionez, hemendik aurrera alderdiko idazkari nagusiaren kargua ez da primarioen bidez hautatu beharko, sektore ofizialak proposatu bezala.

Bihar, igandea, Eba Blanco hautatuko dute, beraz, berriz ere idazkari nagusi kargurako. Sektore kritikoak goizean zehar iragarriko du gaurko batzarrean zer egitea erabaki duten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gaurko albisteak Nafarroan Iparraldea albisteak EAE Alderdi politikoak EA Gipuzkoa Eguneko albisteak Gasteiz albisteak Albisteak Carlos Garaikoetxea argazkiak